Osasuna

Sexu transmisio bidezko infekzioek gora egin dutela ohartarazi du Osakidetzak

Iaz areagotu egin ziren diagnostikoak infekzio mota guztietan. GIBarekin kutsatutakoen kopurua, berriz, egonkor dago.

Hiesaren aurkako egunaren irudi bat. ANGELO CARCONI /EFE
Edurne Begiristain.
2022ko ekainaren 10a
12:33
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak argitara atera dituzte Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planaren ondorio nagusiak. 2021. urtekoak dira datuak. Txostenean jaso dutenez, iaz gora egin zuten sexu transmisio bidezko infekzioen diagnostikoek. Zehazki, Osakidetzak hiru lurraldeetan dituen kontsulta espezifikoetako datuek islatzen dute hori: 976 klamidia kasu atzeman zituzten (679 kasu izan ziren 2020. urtean);797 infekzio gonokoziko (aurreko urtean baino %66 gehiago); sifilis goiztiarraren 273 kasu (aurreko urtean baino %37,2 gehiago), eta herpes genitalen 160 kasu(2020an 158 izan ziren). Iaztik, Basurtuko eta Donostiako ospitaleetako mikrobiologia zerbitzuen diagnostikoak zenbatzen dira, bai eta Mendaroko ospitaleko kontsultak ere. Beraz, horietan diagnostikatutako kasuak aintzat harturik, 2021. urtean 1.479 klamidia kasu diagnostikatu zituzten, 988 infekzio gonokoziko, 294 sifilis kasu, eta herpes genitaleko 199.

GIBari dagokionez, berriz, 119 pertsonari atzeman zitzaien birusa; 105 izan ziren 2020. urtean, 147 2019an, eta 171 2018an. Datuek erakusten dute GIBaren infekzioak egonkor daudela hiru lurraldeetan, Osakidetzak jakinarazi duenez. Birusa atzeman zaienen artean, %84 gizonezkoak dira, eta batez besteko adina 38,9 urte da. GIBak eragindako infekzio gehienak sexu transmisiokoak dira, eta nagusiki gizonekin sexua duten gizonen artean transmititzen da: diagnostiko guztien erdiak dira.

Diagnostiko berantiarra
Beste datu bat eman du Osasun Sailak: GIBarekin kutsatutakoen erdiek (%52) diagnostikoa berantiarra izan zuten, hau da, immunitate sistema jada oso kaltetuta zegoenean detektatu ziren. Erretrobirusen aurkako tratamenduak erabiltzen dira nagusiki GIBarekin kutsatutako pertsonekin, eta Osakidetzak, guztira, 6.122 pazienteri eman zien gisa horretako tratamendua 2021ean. 16,8 milioi euro bideratu zituen tratamenduetarako, 2020an baino %1,5 gehiago. Erretrobirusaren aurkako tratamenduak eraginkorrak izaten dira hiesa ez garatzeko; hain justu ere, iaz 25 hies kasu diagnostikatu zituen Osakidetzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.