AEB-TXINA

AEBen esanetan, defentsa politikan Indopazifikoa dute «lehentasun»

Lloyd Austin Defentsa idazkariak nabarmendu du Txinaren eskarien ikuspegia «gero eta oldarkorragoa» dela. Iruditzen zaio Taiwango egoera «bereziki larria» dela.

Austin, gaur, Singapurren mintzatzen. HOW HWEE YOUNG / EFE
Igor Susaeta.
2022ko ekainaren 11
18:10
Entzun

AEBen lehentasunak zeintzuk diren zalantzan jarri dute Indopazifikoko herrialdeek azken urteetan. Batetik, Donald Trump Etxe Zuriko maizterra izan zenean (2017-2021), AEBek gehiago begiratu zutelako barrurantz kanporantz baino. Eta, bestetik, Ukrainako gerrak militarki konpromiso bat hartzera behartu duelako. Txinak, gainera, Asia-Pazifikoko zenbait herrialderekin segurtasun eremua zabaltzeko asmoa dauka. Horren aurrean, AEBek mezu bat bidali nahi izan dute: defentsa politikan Indopazifikoa dute «lehentasun». Hori nabarmendu du Lloyd Austin Defentsa idazkariak gaur, Singapurren, segurtasunari buruzko nazioarteko Shangri-la goi bileran. «Gure lagunen ondoan egongo gara haien eskubideak defendatzeko. Are inportanteagoa da Txinaren eskarien ikuspegia gero eta oldarkorragoa den honetan», nabarmendu du, diskurtso batean.

Txinako Defentsa ministro Wei Fengherekin bildu zen Austin atzo, eta gaur gogorarazi du Errusiak Ukraina inbaditu zuela, eta Txinak antzeko ekintza bat egin dezakeela Taiwanen. Austinen hitzetan, hori gertatzen da herrialde batek «gogo inperialista bat» duenean eta nazioarteko arauak «urratzen» dituenean. «Egoera bereziki larria da Taiwanen». Iruditzen zaio Pekin mugimendu «arriskutsuak» egiten ari dela; kasurako, armadako hegazkinak bidaltzea Taiwango itsasartera. Pekinek ez du aitortzen Taiwanen subiranotasuna, uste du bere parte dela, eta, horregatik, Weik atzo nabarmendu zuen Taiwanek independentzia lortzeko egiten duen edozein ahalegin «birrinduko» duela. Taiwango Atzerri Ministerioko bozeramaile Joanne Ouk AEBen babesa eskertu du gaur —armak ematen dizkio—, eta Txinaren esan «zentzugabeak» salatu ditu. «Taiwan inoiz ez da egon Txinaren Gobernuaren jurisdiskziopean, eta ez die amore emango mehatxuei».

«Grabitate zentroa»

Austinek ez du argitu kasu horretan AEBek militarki esku hartuko ote luketen, eta adierazi du AEBek azken hamarkadetan posizio gisa aurkeztu duten «anbiguotasun estrategikoa» mantenduko dutela, eta Washingtonek «Txina bakarraren» politika defendatzen duela. Bide batez, eta erakusteko Indopazifikoa dela AEBen defentsa politikaren «grabitate zentroa», gogoratu du Washingtonek sakontzen jarraitzen duela Asian saretu dituen aliantzetan; bai Quad-en Japoniarekin, Indiarekin eta Australiarekin; baita Australiarekin eta Erresuma Batuarekin iazko irailean sinatutako AUKUS aliantza militarrarekin ere. Pentsatzen du Austinen «mehatxu batzuk» badirela eta AEBek presentzia bat mantendu behar dutela eskualdean.

Nolanahi ere, eta ikusita Txinaren «hedatze militarra» nolakoa izaten ari den —«Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik herrialde batek egindako handiena»—, Australiako Atzerri ministro Richard Marlesek Singapurren ohartarazi du horrek «armen lehiaketa bat» eragin dezakeela Asia-Pazifikoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.