INDARKERIA MATXISTA

Indarkeria matxistagatik aurkeztutako salaketak ia %20 ugaritu dira Hego Euskal Herrian

2022ko lehen hiruhilekoan, 1.906 salaketa aurkeztu dira Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako auzitegietan: iazko epe berean baino 314 gehiago

Mugimendu feministaren protesta bat, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren aurrean, 2018an. IñIGO URIZ, FOKU
Ion Orzaiz.
2022ko ekainaren 13a
13:19
Entzun

Urteko lehen hiru hilabeteetako datuak argitaratu ditu Indarkeria Matxistaren Aurkako Espainiako Behatokiak, eta, Hego Euskal Herriari dagokionez, %19,7 ugaritu dira indarkeria matxistagatik jarritako salaketak: urtarrila eta martxoa bitartean, 1.906 salaketa aurkeztu ziren Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako epaitegietan, iazko epe berean baino 314 gehiago.

Txostenaren arabera, gainera, gora egin dute adingabeen aurkako indarkeria matxistagatik aurkeztutako salaketek; bi besterik ez zituzten zenbatu 2021eko lehen hiruhilekoan. Aurten, berriz, 21 izan dira. Auzian bikotekide, senar edo bikotekide ohien kontra deklaratzeari uko egin zioten emakumeen kopuruak, berriz, behera egin du oro har: 96 kasu izan ziren iaz, eta 73 aurtengo urtarriletik martxora bitartean.

104 babes eskaera, atzera

Salaketa aurkeztu zutenentzako babes neurrien eskaerek gora egin dute aurten, nabarmen: 340 kasutan eskatu dituzte halakoak aurten, iaz baino 116 gehiagotan. Eskaera horien herenak [%30,5], baina, atzera bota zituzten epaileek. Zehazki, 236 kasutan erabaki zuten epaileek biktimei babes neurriak ezartzea, eta, 104tan, berriz, ezezkoa eman zuten.

Guztira, 386 gizonezko epaitu dituzte auzi horietan, iaz baino 56 gehiago. Sententzia, gainera, akusatuaren aurkakoa izan da kasu gehienetan: EAEn, epaia zigortzailea izan da kasuen %95etan; Nafarroan, berriz, kasuen %96,4etan.

Indarkeria matxistaren biktimen indizea ere handitu egin da iazko txostenarekin alderatuta: 10.000 emakumeko biktimen tasa %12,8koa da EAEko auzitegien arabera, eta %13,7koa Nafarroan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.