Nafarroako hiru suteak, «egonkortzeko bidean»

Suteak ez dira berriro piztu arratsaldean Leire mendikatean, Tafallan eta Olletan, eta gauean egoera berean jarraituz gero, suhiltzaileek kontrolatutzat joko dituzte goizean.

Leire mendikatean, Arangoiti magaleko sutea, bart gauean. JESUS DIGES / EFE
2022ko ekainaren 16a
10:52
Entzun

Astearte gauean Nafarroan piztutako hiru suteak aktibo daude oraindik ere. Zehazki, Leire mendikatean, Tafallan eta Orbaibarreko bailaran, Leotz eta Olleta artean. Nafarroako Gobernuak azaldu du «egonkortzeko bidean» daudela. Suhiltzaileak beldur ziren berriro piztuko ote ziren suteak arratsaldean, baina ez da halakorik gertatu.

Gauean, egoera horretan jarraituz gero, sutea kontrolpean egongo litzateke. Horregatik, gauean suhiltzaile taldeek suteak kontrolatuko dituzte, ez daitezen berriz piztu eta ez dezaten indarra hartu. Tenperatura beroen ondorioz, hausterrea bero da oraindik, eta, horregatik, arriskua ez da desagertu.

Hegazkin bat eta sei helikoptero ari dira hiru suteak itzaltzeko lanetan. Espainiako Gobernuak jarritako lau helikoptero eta Foca hegazkina Leire mendikateko sutean ari dira itzaltze lanetan, eta Nafarroako Gobernuarenak batik bat Tafallakoan. Azken horretan, sua Larragako eremuan sartu da, eta, oraindik bildu gabeko zereal lur sail batera iritsi denez, Nafarroako Gobernuaren bi helikoptero eremu hori itzaltzen izan dira azken orduetan.

Hiru suteak egonkortzen ari direnez, suhiltzaileak batik bat sutearen bazterrak zaintzen ari dira, baldintzak aldatuko ote diren erne.

Gobernuak jakinarazi duenez, Iruñeko Miluzeko helikopteroetako batean diharduen 48 urteko suhiltzailea larri zauritu da, eta tibia eta perone hezurrak hautsi ditu, Leire mendikateko sutearen itzaltze lanean helikopterotik jaisten min hartuta.

Hain zuzen ere, sute horrek eragin du kezka handiena. Bart gauean, haizearen norabide aldaketak lagunduta, Arangoiti magaleko suteak aurrera egiten jarraitzea galarazi zuten suhiltzaileek. Egunez, sute horren itzaltze lanei hegazkin eta helikopteroak gehitu zaizkie, eta batik bat su garrak ikusten diren eremuetan bota dute ura.

Suhiltzaileen arabera, nahiz eta oraindik ez den kontrolpean, sutea printzipioz «egonkortuta» dago. Goizean sugar handieneko eremuak hegazkinen eta helikopteroen bitartez bustitzen joan dira. Aipatu dutenez, bertan mugitzeko zailtasunak dituzte. Datozen orduak erabakigarriak izango dira.

Herenegun gauean piztu zen Arangoitiko sutea, eta beroak eta haizeak zaildu egin zituzten itzaltzeko lanak. Sutea apurka gerturatzen ari zenez, badaezpada ere Leireko monasterioa hustu zuten asteazken arratsaldean. Dena den, sutea ez zen eraikin nagusitik bi kilometrora hurreratu.

Tafallako sutea

Astearte gauean, Leireko mendikatea piztu baino ordubete lehenago, beste sute bat piztu zen Tafallatik gertu, NA-132 errepidean. Asteazken goizean kontrolatzea lortu bazuten ere, arratsaldean berriro indarra hartu, Tafalla eta Miranda Arga arteko NA-1640 errepidea gainditu eta Larraga herriaren lur eremuetan sartu zen.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi du sute hori kontrolatzea lortu dutela berriz. Lizarra, Tafalla, Tutera eta Azkoiengo suhiltzaileak izan dira lanean.

Beste sute bat piztu zen Orbaibarren, astearte goizaldean, Olleta eta Leotz artean. Atzo gauean piztuta zegoen oraindik, baina haren bilakaerari buruzko informaziorik ez da gaurkotu oraingoz. Sute hori itzaltzeko lanetan bi helikoptero aritu ziren atzo.

Gobernuak herritarrei eskatu die suteak sortzeko arrisku gorena dela. Beroak eta landaredia idor egoteak erraztu egiten du sua piztea eta azkar zabaltzea.

Bero saparen ondorioz, alerta laranja ezarri dute Nafarroan. Erriberan alerta gorria ezarri dute, eta larunbatera arte «tenperatura beroak» izango direla ohartarazi diete herritarrei. Krisi batzorde bat ere eratu dute, prebentzio neurriak ahalik eta azkarren martxan jartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.