AEB

Konbertsio terapiei jazartzeko agindu du Bidenek

AEBetako presidenteak eskatu du funts federalak erabil ditzatela LGTBI kolektiboko gazteen buru osasuna bermatze aldera.

LGTBI+ kolektiboaren aldeko desfile bat, apirilean, Miamin. EFE
Igor Susaeta.
2022ko ekainaren 16a
16:11
Entzun

Joe Biden AEBetako presidenteak LGTBI kolektiboko gazteak «zaindu» nahi ditu, eta, horregatik, herrialde osoan konbertsio terapiei jazartzeko agindu bat sinatu du. Eskatu du bide batez funts federalak erabil daitezela kolektibo horretako kideen eta haien senideen buru osasuna bermatu ahal izateko.

LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunaren —ekainaren 28an da— bueltan plazaratu du erabakia Etxe Zuriak, eta Biden kolektiboko zenbait gaztez inguratuta mintzatu zen atzo, Washingtonen. «Sinesgarritasunik gabeko praktika bat da, eta, ikerketen arabera, kalte esanguratsuak eragin ditzake; are, suizidioarekin lotutako jarrerak eta pentsamenduak areagotu ditzake gazteen artean», nabarmendu zuen Bidenek, konbertsio terapien kontra egiteko. Sexu orientazioa aldarazteko eta heterosexualitatea inposatzeko sasi-metodo bat dira, finean. AEBek 50 estatu dituzte, eta hogei estatutan debekatu dute gutxienez.

Etxe Zuriko maizterrak nabarmendu zuen, gainera, bere gobernuak hartuko dituela LGTBI komunitateko gazteek zenbait estatutan pairatzen dituzten «desberdintasun esanguratsuei» aurre egiteko neurriak. Estatu horietan diskriminatuta sentitzen direnei adierazi die jo dezatela erakunde federaletara.

Bide batez, Miguel Cardona Hezkuntza idazkariari eskatu dio haren departamentuko eskumenak balia ditzala LGTBI kolektiboko ikasleei, haien senideei eta irakasleei laguntzeko, eta ikasle horien «ongizatea, segurtasuna eta eskubideak» bermatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.