Euskararen aurkako erasoak

Hur Gorostiaga: «Frantziako Hezkuntza ministroarekin bilkura lortu arte ez gara mugituko»

Seaskako guraso, ikasle eta irakasle batzuek Pirinio Atlantikoetako Akademia Ikuskaritzak Baionan duen egoitza okupatu zuten atzo arratsaldean, azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko. Hautetsi eta eragileen babesa jasotzen ari dira.

Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko ekainaren 16a
17:00
Entzun

Atea itxia bada, leihotik sartu. Azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko protesta egiten ari ziren Seaskako guraso, ikasle eta irakasleen kontra bortizki oldartu zen Frantziako Polizia atzo arratsaldean, Baionan. Pirinio Atlantikoetako Akademia Ikuskaritzaren egoitza okupatzeko asmoz joan ziren ikastoletako kideak, baina Poliziak ekintza oztopatu zien. Tentsio handiko une batzuen ondotik, barnera sartzea lortu zuten azkenean. Gaua han pasatu ondotik, okupazioa iraunarazi nahian dira. «Frantziako Hezkuntza ministroak hitzordu bat eman arte ez gara hemendik mugituko», adierazi du Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak.

Ikastoletako ikasleen aspaldiko aldarrikapena da azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea. Hamarkadaz hamarkada aitzinamendu batzuk lortu izan badituzte ere, azken urteetan gibelera egin du egoerak Frantziako Gobernuak erabakitako erreforma zenbaiten ondorioz. «Oraingo egoera Jean Michel Blanquer ministro ohiak utzitakoa da. Ministro berria gutxiengoei buruzko aditua izateko ezagutua da; galdetu nahi diogu ea zer dioen Frantzian diren hizkuntza gutxituei buruz, eta, bereziki, brebeta eta baxoa euskaraz egiteari buruz. Orain arte, gure ikasleek egiten ahal zuten parte bat baxoan euskaraz, brebetan osoki. Gaur egun, ez da gehiago horrela; ministroari konponbide bat eskatzen diogu».

Okupazioa abiatu dutenetik, Ipar Euskal Herriko hautetsiekin, erakundeetako ordezkariekin eta Frantziako Asanblearako bozetara aurkeztu ziren hautagaiekin harremanean ezarri dira Seaskako kideak. Tom Dubois seigarren hautesbarrutiko NUPESeko hautagaiak BERRIAri adierazi dio bihar goizean agertuko dela okupazioaren lekura, eta Frantziako Poliziaren jarduna salatu du. «Ez dut onartzen hainbesteko bortizkeria erabiltzea ekintza baketsu baten kontra». Haren hitzetan, ulertzekoa da botere politikoak erantzunik ematen ez duenean «desobedientziara» jotzea. «Ez dut ulertzen gazteei nolatan ez zaien uzten azterketak beren hizkuntzan pasatzen».

Gorostiagak azaldu duenez, ez dute haien bulegoetara joateko asmorik; «hautagaiei eskatzen diegu hona etorri daitezela». Ensembleko ordezkari batek erran die bihar goizean etorriko dela; gaur arratsean, NUPESeko beste ordezkari bat etortzekoa da. Haatik, oraindik ez dute izan Euskal Hirigune Elkargoaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren berririk. «Espero dugu ondoko orenetan haien berri izatea. Orain arte, sostengatu gaituzte; beraz, pentsatzen dugu haien sostengua jasoko dugula».

Seaskako kideei babesa erakustera etorri da Iker Elizalde Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseiluko EH Baiko hautetsia, eta Frantziako Poliziaren jarduna gaitzetsi du. «Guztiz salagarria izateaz gain, ulertezinak dira horrelako jarrerak. Guraso, irakasle, ikasle batzuk, aldarrikapen sinple batzuekin. Printzipioz, ez lukete eta ez genuke hona etortzeko beharrik ere izan behar gure eskubideak onartuak izan daitezen».

Ikastolen elkartasuna

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria eta Nekane Artola lehendakariordea ere Baionara joan dira, Seaskako kideei Euskal Herriko ikastolen elkartasuna adieraztera. Poliziak erabilitako «bortxa» salatu dute. «Seaskako ikasleei bermatu behar zaie azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea. Hori aldarrikatzeko egiten diren mobilizazio guzietan egonen gara».

Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia eta Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria ere bertaratu dira. Bilbaok adierazi du «lotsagarria» izan dela oinarrizko eskubide bat eskatzeagatik jasotako erantzuna. Gaubekak azpimarratu du herritarren eskubideak daudela jokoan «Euskaraz ikasteko eskubidea azterketak euskaraz egiteko eskubidea ere bada».

Antton Kurutxarri EEPko lehendakariak erran du erakundearen bulegoa bildu dela gaur, eta gai ordenean ezarri ez bazen ere hiru ordu laurdenez aipatu dutela Seaskaren gaia. «Baionako suprefeta eta Pirinio Atlantikoetako akademia ikuskaria nituen solaskide. Erran diet atzoko irudiak katastrofikoak zirela, eta errazki saihesten ahal zirela».Frantziako hezkuntza administrazioaren argumentazioak «ez du zentzurik», bere hitzetan, eta ez da «traba izpirik» brebeta euskaraz pasa ahal izateko. Baxoaren kasuan, hitzarmenetan idatzitakoa ez betetzea deitoratu du: «ez da anbiguitaterik; hitza jan dute».

Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministro ohia «nazionalista jakobinoa» eta «izugarri itxia» izan dela deitoratu du. «Ministro berriarekin errespetu gehiago izanen dugula espero dugu». Batzuek hizkuntza bakarraren printzipioa defendatzen dutela deitoratu du. «Gaur egun, hizkuntza gutxituetako hiztunen eskubideak zapalduak dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.