'Wikileaks afera'

Erresuma Batuko Gobernuak Assange estraditatzea onartu du

Pitri Patel Barne ministroak baiezkoa eman dio kazetaria AEBetara bidaltzeko aginduari. Wikileaksentzat, gaurkoa «egun ilun bat da Britainia Handiko demokraziarentzat eta prentsa askatasunarentzat»; helegitea aurkeztuko du.

Julian Assange kazetaria, artxiboko irudi batean. FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE
ander perez zala
2022ko ekainaren 17a
11:59
Entzun

Pitri Patel Erresuma Batuko Barne ministroak baiezkoa eman dio Julian Assange kazetaria estraditatzeari. Barne Ministerioak ohar batean argudiatu duenez, Assange AEB Ameriketako Estatu Batuetara bidaltzea ez litzateke «bateraezina giza eskubideekin», eta herrialde horretan «modu egokian tratatuko» lukete. Kazetariari 175 urteko kartzela zigorra ezar diezaiokete espioitza eta intrusio informatikoagatik.

Westminsterko Magistratuen Auzitegiak iragan apirilean igorri zion Pateli estradizio agindua, eta Barne ministroaren esku zegoen baiezkoa ematea ala blokeatzea. Orain, Assangek bi asteko epea du helegite bat aurkezteko, eta Wikileaksek hori egingo dutela baieztatu du, betiere Auzitegi Gorenak baimena ematen badu —azken aukera Giza Eskubideen Europako Auzitegira jotzea litzateke–.

Atariak berehala erantzun du, eta adierazi du, ohar baten bidez, gaurkoa «egun ilun bat da» dela «Britainia Handiko demokraziarentzat eta prentsa askatasunarentzat». Halere, ohartarazi du ez dela «borrokaren amaiera» izango: «Beste bataila legal baten hasiera besterik ez da».

Assange 2019ko apirilaren 11n atxilotu zuten, Londresen, Ekuadorren enbaxadan. Han zegoen babestua 2012tik, baina, Ekuadorko Gobernu aldaketarekin, konfiantza hautsiz joan zen; eta, azkenean, baldintzapeko neurriak urratzea egotzita, asilo politikoa ukatu zioten. Lenin Moreno garai hartako Ekuadorko presidenteak muga gorri bat igarotzea egotzi zion, besteak beste nazioarteko politikaz aritzeagatik.

Akusazioaren arabera, kazetariak Chelsea Manning analista estatubatuarra lagundu zuen hark AEBetako Espioitza Legea urra zezan, eta informazio klasifikatua lor zezan ondoren bere atarian argitaratzeko. Defentsak ukatu egin du halakorik, eta esan du Assangek eta haren taldeak zabaldutako informazioak ez zuela inor arriskuan jarri.

Washingtoni, berriz, leporatzen diote auzi politiko bat abian jarri izana, Wikileaksek argitara atera zituelako militar estatubatuarrek egindako gerra krimenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.