Sindikatuak

'Bella ciao' ereserki iraultzailearen euskarazko bertsioa egin du LAB sindikatuak

Bideoklip bat grabatu dute sindikatuko 100 kide baino gehiagorekin, Arditurriko meategian, «Iluntasunetik argirako bidea» egiten jarraituko dutela adierazteko.

Edu Lartzanguren.
2022ko ekainaren 20a
14:23
Entzun

Langileak meategiko zulotik argitara atzeratzen, Bella ciao ereserki antifaxista euskaraz abesten duten bitartean. LAB sindikatuak beste urrats bat egin du kantu iraultzaile klasikoak euskaratzeko. Katanga Dub taldearen laguntza eduki du horretarako.

Bideoklipa aurkeztu zuten joan zen ostiralean, LABek Baionan eta Miarritzen (Lapurdi) eginiko 10. Biltzar Nagusian, eta sareetan ikusgai jarri dute. Biltzarrerako propio sortu zituzten kantaren bertsioa eta bideoa.

«Etengabe birpentsatzen eta berritzen ari gara gure eredu sindikala. Ausardiarekin, determinazioarekin... eta musikarekin», idatzi du sindikatuak. «Iluntasunetik argirako bidea egiten ari gara langileen defentsan, eta egiten jarraituko dugu datozen bost urteetan». Hori adierazteko grabatu dute bideoklipa. Horretan, langileria ordezkatzen duten pertsonaiak Arditurriko meategietatik (Oiartzun, Gipuzkoa) ateratzen dira.

Italiako partisano antifaxistek Bigarren Mundu Gerran sorturiko abestia da Bella ciao. Oraino ez dute argitu nork sortu zuen.

Hona LABek eta Katanga Dubek euskarara ekarritako hitzak, jatorrizkoarekiko fidel samarrak:

Egun batean ni jaiki nintzen
Oi bella ciao, bella ciao, bella ciao, ciao, ciao
eta inbasorea hor nuen.

Oi partisano zurekin eraman
bertzenaz hemen hilko naiz


Oi partisano, hiltzen banaiz ni
Oi bella ciao, bella ciao, bella ciao, ciao, ciao
Oi partisano, hiltzen banaiz ni
lurperatu beharko nauzu

Mendian goian lurperatuko
Oi bella ciao, bella ciao, bella ciao, ciao, ciao
Mendian goian lurperatuko
lore ederren artean.

Handik pasatuko zaidan jendeak
Oi bella ciao, bella ciao, bella ciao, ciao, ciao
Handik pasatuko zaidan jendeak
erranen dit 'zein lore eder'.

Hona lorea, partisauarena
Oi bella ciao, bella ciao, bella ciao, ciao, ciao
Hona lorea, partisauarena
askatasunaren alde hila.

Lehen ere egin ditu LABek halako moldaketak. Iazko maiatzaren lehenerako, esaterako, Quilapayun taldearen Herria, batua, inoiz ez garaitua kantaren euskarazko bertsioa egin zuten, Andreina Jolin taldearekin elkarlanean. Sare sozialetan arrakasta handia izan zuen bideoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.