Oporrak Euskal Herrian
Gasteiz, altxor berdea
Gasteiz hiri berde bat da, eta aukera ugari eskaintzen ditu jarduera interesgarriak egiteko, naturarekin bat eginez. Halaber, ondare historiko oso garrantzitsua du, eta gastronomia bikaina.

Europan biztanleko berdegune gehien duen probintzia hiriburua da Gasteiz, eta, hori dela eta, 2012ko Europako hiriburu berde izendatu zuten. Horrela, Gasteizen dauden naturagune aberatsetan, Florida parkean edo Eraztun Berdean, lasaitasunaz goza daiteke, atseden hartu, eta ibilaldi ederrak ere egin daitezke.
Gasteiz inguru segurua eta iraunkorra dela azpimarratu behar da, ekoturismoa, running eta paseoak oinez edo bizikletaz egiteko ezin hobea, toki masifikatuen kontrakoa den turismo eredu bat sustatzen duena. Azken batean, egun eder batzuk lasai igarotzeko aproposa da Gasteiz, naturaz gain gastronomiaz, ondare historikoaz eta arteaz gozatzeko.
Bizikletaren hiria da. Hiriko kaleetan ez ezik, hiria inguratzen duen Eraztun Berdean eta bertan dauden ibilbide ugarietan ere bizikletaz joan daiteke. Hirian eskaintzen den bizikleten alokairu zerbitzua balia daiteke paseo eder batzuk egiteko. Eraztun Berdea hiria inguratzen duten parkeen multzoa da. Elkarren artean loturiko hainbat parkez osatuta dago: besteak beste, Salburua, Zadorra, Zabalgana, Armentia, Olarizu eta Neberako parkea.
Salburuko hezegunean, fauna eta flora espezie ugari aurki daitezke, Euskal Herriko hezegune kontinentalik baliotsuenetako bat da, eta Europako Natura 2000 sarearen barruan nazioarteko garrantzia duen Ramsar hezegune gisa izendatua dago. Parkean bertan, Ataria interpretazio zentroa eta hegaztien bi behatoki daude.
Historia eta artea
Zortzi mende baino gehiagoko historia ezagutzeko parada eskaintzen du Gasteizek. Hiriak Erdi Aroko hirigunea dauka. Kaleen antolaketak almendra itxura du oraindik ere, eta, bertan ibiliz gero, harresia eta tenplu gotiko nagusiak ezagutuko ditu bisitariak. Santa Maria katedralera bisita gidatu bat eginez gero, zaharberritze lanak bertatik bertara ikus daitezke. Katedrala gizadiaren ondare izendatua dago, eta dorreak hiri osoaren panoramikarik onena eskaintzen du.
Halaber, erdiguneko Andre Maria Zuriaren plazak biltzen dituenak ere ikusteko modukoak dira: Gasteizko Guduari egindako monumentua, San Migel eliza, merkataritza eta ostalaritza lokalak, eta landare eskultura.
Azkenik, hirian zenbait museo bikain daude. Besteak beste, Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoa, Montehermoso kulturgunea, Bibat (Arabako Fournier Karta Museoa eta Arabako Arkeologia Museoa), Arma Museoa, Arte Sakratuaren Museoa, Arte Ederren Museoa, Farolen Museoa eta Natur Zientzien Museoa.
Berezko zaporedun enogastronomia
Pintxoei, plater tradizionalei eta proposamen berritzaileei esker, hiria bisitatzeko funtsezko arrazoietako bat da tokiko gastronomia. Era berean, ezin daitezke albo batera utz Arabako ardoak eta Arabako txakolina, gozogintzan dagoen tradizioa eta Azoka plaza, hiriaren bihotzean tokiko produktuak, tailerrak eta gastrotabernak biltzen dituen gunea.
Gasteizi buruzko informazio gehiago, www.vitoria-gasteiz.org webgunean.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Gasteizko Udalak babestutako edukia