Oporrak Euskal Herrian

Plan bikainak Ondarroan

Hondartzaz, itsasoaz, naturaz, ondareaz, historiaz eta aisialdiaz gozatzeko plan bikainak egin daitezke Ondarroan.

Artibai ibaiaren bokalea, Ondarroan. ONDARROAKO UDALA
2022ko ekainaren 22a
12:09
Entzun

Artibai ibaiak Ondarroa zeharkatzen du. Ibaiaren ertzetik, Errenteria auzotik itsasoraino doan bidean, jarduera interesgarri ugari egin daitezke familiarekin eta lagunekin ongi pasatzeko, eta hondartzaz, itsasoaz, naturaz, ondareaz, historiaz eta aisialdiaz gozatu.

Arrigorri hondartza ederra da eguzkia hartzea maite dutenentzat, eta bainuzaleentzat ezin hobea. Gainera, kai muturrak babesten du.

Uretako jarduerez gozatzeko ere aparta da Ondarroa. Herrigunetik hurbil, ibaiaren ondoan, Eskilantxarri ur kirol elkartearen eta Ondarroa arraun elkartearen egoitzak daude, kirol portuaren eremuan.

Errenteria auzotik gertu, Artibai ibaiaren bokalean, Alleriko padurak daude, 80 hegazti espezie ingururen babeslekuak. Besteak beste, hegabereak, birigarroak, enarak eta antxeta mokogorriak ikus daitezke. Landarediari dagokionez ere, inguru paregabea da; kostaldeko hezegune bat izanik, itsas organismo askoren errute, hazkunde eta elikadurarako lekuak daude. Alleriko padurak Natura 2000 sarean daude, balio handiko naturagunea baita.

Ondarroako alde zaharra eta eliza. ONDARROAKO UDALA

Ondare aberatsa

Herria sortu zenean, XIV. mendean, alegia, Errenteria auzoan ontziolak ezarri ziren, gerra eta merkataritza itsasontziak eraikitzeko. Azpimarragarria da Ondarroan eraikitako itsasontzien kalitate teknikoa oso preziatua zela garai hartan.

Zubiak ere badira Ondarroan dagoen ondare aberatsaren ispilu. Zubi Zaharrak leku berezia dauka ondarroarren bihotzetan, arbasoekin lotzen dituelako —hantxe zegoen lehen arrantzaleen portua —, eta gehien bisitatutako elementu arkitektonikoetako bat da urterik urte, hari itsatsita dagoen Kofradia Zaharrarekin batera. Plaiko Zubiak Bizkaiko Foru Aldundiaren ondare izendapena dauka, eta handik hurbil dagoen Itsasaurreko Zubia ere aski ezaguna da —Santiago Calatrava arkitektoak diseinatu zuen—.

Andra Mariaren eliza ere aipagarria da. Alde zaharrean dago, eta XV. mendean eraiki zuten. Horrez gain, beste zenbait eraikin historiko ere badaude.

Aisialdiaz gozatu

Aisialdiaz gozatzeko aproposa da Ondarroa; tabernetako terrazetan egin daiteke hori, esaterako. Horretarako eskaintza ugaria da herri guztian. Euskaraz zipriztinduta, aitzakia erraz aurki daiteke herriko jendearekin harremanak egin eta herriaz gehiago jakiteko, ondarroarrak irekiak baitira.

Ondarroari buruzko informazio guztia atsegin handiz ematen dute turismo bulegoan, telefonoz (94-683 19 51), posta elektronikoz ([email protected]), eta www.ondarroa.eus webgunearen bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.