Oporrak Euskal Herrian

bergara ezagutu

Laboratorium museoa, jauregi paregabeak, lorategi ikusgarriak... Bisitaria liluratu egiten da Bergaran dauden altxorrak ezagutzen dituenean.

Laboratorium museoa. BERGARAKO UDALA
2022ko ekainaren 22a
12:23
Entzun

Bergara historia handiko herria da, eta hori erakusten duten eraikin eta monumentu asko daude herrigunean bertan. Interes handiko ondare artistiko eta monumentala du. Guztira, 34 monumentu daude katalogatuta. XVI. eta XVIII. mendeen arteko Europako artearen berri ematen dute monumentu horiek, eraikuntza euskal gotiko berantiarrak, Pizkunde aroko italiarrak eta erdieuroparrak, eta barrokoak baitira, besteak beste.

Errege Seminarioa

Bergarako Errege Seminarioa aitzindaria eta berritzailea izan zen. Zientzia eta hezkuntza arloetan, XVIII. eta XIX. mendeetan, lorpen harrigarriak izan ziren bertan. Beraz, Bergara zientziaren sorlekua izan da Euskal Herrian, Errege Seminarioari esker.

Izan ere, seminarioko laborategietan, Fausto eta Juan Jose Elhuyar anaiek elementu kimiko berri bat aurkitu zuten: wolframa. Lanean gogor aritu ondoren, 1783ko irailaren 28an lortu zuten wolframa isolatzea. Mundu mailan sona handiko aurkikuntza izan zen. Halaber, XVIII. mendean, beste aurkikuntza garrantzitsu bat egin zuen Errege Seminarioko irakasle eta ikertzaile batek, P.F. Chavaneau frantsesak, platinoa purifikatzea lortu baitzuen, platinoak eduki zitzakeen erabilpen askotarikoak igarri ondoren.

Laboratorium museoa

Errege Seminarioaren nondik norakoak azaltzen ditu Laboratorium museoak. Fausto Elhuyarrek kontatzen die bisitariei nola isolatu zuten wolframa. Eta norberak egin dezake esperimentua bertan. Errege Seminarioko bilduma dago museoan, eta, ezagutuz gero, hunkituta uzten du bisitaria, aurkikuntzaren ilusioa gertutik bizi izanaren gogorapena gordetzen baitu.

Errege Seminarioa izan zen bezala, Laboratorium museoa bera ere Europako zientzia gune garrantzitsu bat da gaur egun. Horrela, European Physical Society erakundeak Historic Site izendatu zuen 2018an. Errekalde jauregian dago, zeinak Ingeles estiloko lorategia duen, eta zientzia bilduma ikusgarriak, kimika, fisika eta zoologia arloetakoak; zoologiakoa, mundu guztiko animaliekin. Halaber, hiru mendetako zientzia instrumentuak ikus daitezke.

Laboratorium museoa gizarte museo bat da. Ondarea bildu, zaindu, ikertu eta ezagutarazten du, gizartearen gozamenerako. Egoitzan eta lurraldean lan egiten du. Garapen eragile izatea du helburu, jasangarritasuna eta berrikuntza oinarri izanik.

Museoa irisgarriagoa egiteko helburuarekin, 2021. urte amaieran erakusketa iraunkorra gorrentzat egokitu zen. Hori egin duen Euskal Herriko lehen museoa izan da.

Irizar jauregiko lorategia. BERGARAKO UDALA

Ibilbide gidatu interesgarriak

Ibilbide gidatu interesgarriak egin daitezke Laboratorium museoa eta Bergarako eraikin historikoak ezagutzeko, Irizar jauregia, Aroztegi etxea, Telesforo Monzon bizi izan zen etxera, Olaso dorrea... Laboratorium museoa eta Olaso dorrea batera bisitatzeko eskaintza ere egiten du Bergarako turismo bulegoak.

Bergarako lorategi historiko ikusgarriak ezagutzeko bisita gidatuak ere egin daitezke, eta, herrigunetik aterata naturaz disfrutatu nahi izanez gero, Dolmenen Ibilbidean txango bat egin daiteke.

Bisita gidatuetako bat egiteko eta Bergarari buruzko informazio guztia atsegin handiz ematen du turismo bulegoak, posta elektronikoz ([email protected]) telefonoz (943-76 90 03) etabergaraturismo.eus webgunearen bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.