Kooperatibak

Mondragonek salmentak berreskuratzea eta enplegua mantentzea lortu du iaz

Kooperatiben taldeak 11.404 milioi euroren salmentak izan ditu 2021ean eta ia-ia pandemia aurreko zenbakietara itzuli da. Aurtengo lehen bost hilabeteetan salmentak %10 handitu ditu.

Mondragoneko Laboral Kutxaren egoitza Arrasaten (Gipuzkoa). LABORAL KUTXA
Irune Lasa.
2022ko ekainaren 22a
13:55
Entzun

Emaitza «positiboak» izan ditu iaz Mondragonek eta horren harira, korporazioko presidente Iñigo Ucinek nabarmendu egin du «kooperatibek testuinguru zailean emandako erantzun bikaina».

Pandemia osteko suspertze ekonomikoaren olatua hartzea erdietsi dute kooperatibek, taldeak jakinarazi duenez. Hala, «lehengaien prezioek izandako gorakada gorabehera» COVID-19aren aurreko salmenta eta enplegu kopuruetara hurbiltzea erdietsi du Mondragonek.

Fakturazioa

Orotara, kooperatibek 11.404 milioi euroren salmentak egin dituzte 2021. urteko ekitaldian, aurrekoan baino %5 gehiago. Aurten ere gorantz egiten ari dira haien salmentak; ekitaldiko lehen bost hilabeteetan fakturazioa %10 handitu du taldeak. «Martxa onean ari dira, ziurgabetasun geopolitikoa, lehengaien kostuaren igoera eta inflazioaren gorakada» hor izanda ere.

Sektoreka, fakturazioan industriaren ekarpena esanguratsua da. Industria kooperatibek 6.017 milioi euroko salmentak izan dituzte (+%14,2) eta ia-ia pandemia aurreko mailara bueltatuz. Salmenta horietatik %72 Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo egin zituen Mondragonek. Gaur egun, taldeak 132 filial ditu nazioartean.

Banaketan (Eroski eta Erkop barne) salmentak 5.387 milioi eurora iritsi ziren (-%3,7). Jaitsiera gorabehera, azpimarratzekoa da Eroski taldeak azken hamar urteetako emaitzarik onena lortu duela 2021ean, 105 milioi irabazita, «nahiz eta elektrizitateak, negozioak lehiarako d.uen aldagai estrategikoak, kostu handia eduki».

Inbertsioak ere handitu zituen iaz Mondragonek. 2020ko urte gogorrean baino %16,5 gehiago, —390 milioi euro— inbertituz.

Enplegua

Mondragonek 80.821 pertsonako langile taldearekin itxi zuen iazko ekitaldia, eta horrek esan nahi du, oro har, kooperatibek aurreko urteko enplegu mailari eustea lortu zutela. Industriako alorreko kooperatibek 37.521 behargineko taldea izan zuten lanean. Horietatik 14.626 behargin aritu ziren Euskal Herritik eta Espainiatik kanpoko lantokietan. Banaketak, berriz, 39.588 laguneko langile taldearekin itxi zuen ekitaldia.

Finantza arloko erakundeei dagokienez, Mondragonek azaldu du Laboral Kutxak «ohiko banku negozioen astenia egoera orokorra gainditu du 2021ean, 108,8 milioi euroko irabazi bateratuarekin». LagunAro BGAEk, berriz, 28.228 mutualista aktibo zituen guztira urte amaieran, eta bere ondare funtsa dagoeneko 7.326 milioi eurokoa da.

2022ari begira, Iñigo Ucinek «konfiantza» agertu du eta uste du nahiz eta faktore ekonomiko eta geopolitiko gehienetan hegakortasun handia dagoen, kooperatibak ondo ari direla defendatzen beren posizioak.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.