Oporrak Euskal Herrian

Itsas jarduerak Pasaiako badian

Esperientzia zoragarria da Pasaiako badia itsasotik ezagutzea.

Mater itsasontzian, Jaizkibelgo itsaslabarrei begira. OARSOALDEA TURISMOA
2022ko ekainaren 22a
14:24
Entzun

Aski ezagunak dira Pasaiako badiako arkitektura pintoreskoa, portuko sarrera ikusgarria eta gastronomia, besteak beste. Bi hirigune historikoetan barrena paseatzea, edota badia txalupan zeharkatzea ezinbestekoak dira bisitarientzat. Hala ere, bada beste modu ezberdin eta oso original bat badia berezi hau ezagutzeko: itsasotik.

Itsas bidaia zurezko belaontzi tradizional batean: Antzinako belaontzi batean nabigatzeko ametsa bete egin daiteke Pasaian: Lucretia belaontzian. Bertan Donostia-Pasaia itsas bidaia egin daiteke, edo badiaren barnealdetik nabigatu eta itsas zabalera irten Jaizkibel eta Uliako itsaslabarrak ikusteko.

Piragua eta arraun surfa: Badiako uretan piraguan ibiltzeko, ez da aldez aurreko esperientziarik behar; beraz, jarduera ezin hobea da familian, lagunekin edo bikotean gozatzeko, birentzako piraguak ere badaude eta. Era berean, Pasaiako portuko barruko urek ere aukera paregabea eskaintzen dute arraun surfaz gozatzeko.

Itsasorako irteerak: Itsasora irteteko euskal kostaldeko aukerarik onenak aurkitu daitezke Pasaian, modalitate guztietan: txangoak, arrantza, bisita gidatuak, ilunabarrak, afariak… Ibilbide zoragarriak, Jaizkibel eta Uliako itsaslabarrak miretsiz, edota itsasoko kirol jardunaldiak profesionalek lagunduta.

Itsasontzien alokairua, patroiarekin edo patroirik gabe: Beren kasa nabigatu edo gehien gustatzen zaien jarduera egin nahi dutenentzat ere aukera zabala dago: arrantza irteerak, afariak, snorkela, zetazeoak begiztatzea, eta abar. Itsasontzia alokatzeko hainbat aukera daude: patroiarekin edo patroirik gabe, ibilbide gidatuak, neurrira egindako zerbitzuak...

Urpekaritza irtenaldiak: Pasaiako portutik irtenaldiak maila guztientzat, eta baita bataio ziurtagiriak ere. Ontzien hondakinak, aingurak eta kanoien gisako arrasto arkeologikoak topa daitezke, besteak beste.

Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak antolaturik, familian egiteko jarduerak: Jaizkibelgo itsaslabarretarako irtenaldiak, antxoen kontserben tailerra, zetazeoak begiztatzea, zaborren arrantza… Materrek aurtengo udarako antolatzen dituen jardueretako batzuk besterik ez dira horiek, eta museo ekoaktiboak ere ohiko bisita gidatuak antolatuko ditu.

Jardunaldia borobila izan dadin, San Juan baleontziaren eraikuntza bisitatu Albaola Itsas Kultur Faktorian, eta dastatu herriko edozein jatetxetan itsas menu zoragarri bat.

Informazio gehiago atsegin handiz ematen dute Pasaiako turismo bulegoan, telefonoz (943-34 15 56), posta elektronikoz (turismoapasaia@oarsoaldea.eus) eta oarsoaldeaturismoa. eus webgunearen bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.