Oporrak Euskal Herrian

Bisita interesgarria Areatzara

Bisitaria txunditu egingo da Areatzan, Erdi Aroan sortutako hiri bat izanik balio handiko eraikin historikoak ezagutuko baititu. Gainera, Areatzatik txango ederrak egin daitezke Gorbeia mendira.

Areatza hiriaren ikuspegi bat. AREATZAKO UDALA
2022ko ekainaren 22a
14:35
Entzun

Areatza Erdi Aroan sortutako hiribildu bat da; hain zuzen ere, 1338. urtean sortua. Juan Nuñez de Lara Bizkaiko jaun kontsorte zenak Maria Diaz de Haro emaztearen omenez sortu zuen, eta hortik dator udalerriaren gaztelaniazko izena, Villaro.

Hiribilduak hasierako egiturari eusten dio: bi kale nagusi daude Alde Zaharrean, eta bi kale nagusi horiek zeharkatzen dituzten beste bi kantoi.

Eraikin historikok

Hainbat eraikin enblematiko daude hirian:

Gortazar jauregia: hiriko eraikinik nobleen eta aristokratikoena da, eta plazan bertan dago. Harri landuz egindako beheko solairua XVI. mendearen amaierakoa da. Adreiluzko goikoak, ostera, XVII. mendeko lehen herenekoak. Aurrealdea apaintzen duten heraldika pinturak 1735. urtearen inguruan eginak dira.

Santa Isabel komentua: Arratia ibaiaren eskuineko ertzean dago, Zubizarra zubiaren aurrean. Lehen fundazioa hiribilduaren barruan egin zen, eta 1560. urtea baino lehenago gertatu zen, nahiz eta ez jakin zein datatan. 1643an eraiki zen komentutik fatxadaren atal bat mantendu da, atezaintzaren gainekoa. Komentuaren gainerako atalak bota egin zituzten 1892an, eta estilo neoklasikoa erabiliz berreraiki zuten 1894an.

Mudejar etxea: mudejar estiloko eraikin bat da. Errukiñe kalean dago, eta XVI. mendearen hasieran eraikia da.

Halaber, ezagutzeko modukoak dira Ugunaga dorrea, San Bartolome eliza eta jauregi barrokoak ere.

Areatzak bestelako zerbitzuak ere eskaintzen ditu: besteak beste, udal igerilekuak. Horrez gain, udan programazio kultural zabala eskaintzen du, kale antzerkia eta musika tartean, eta, aurten, herriko jaiak ere bueltatuko dira, abuztuan. Uztailaren 24an, esaterako, Folklore Bizian jaialdia hartuko du Areatzak, Galdakaoko Andra Mari dantza taldearekin batera antolatutakoa. Jaialdian, Argentina eta Sri Lankako dantzak izango dira ikusgai, euskal dantzekin batera.

Informazio guztia udalaren sare sozialetan aurki daiteke, Facebooken, Instagramen zein Twitterren.

Gorbeiara igotzeko abiapuntua

Areatza hiria Bizkaiko hegoaldean dago, Arratia eskualdean. Arabatik gertu eta Gorbeia mendiaren magalean. Gorbeiara igotzeko bide tradizionala Areatzatik abiatzen da. Gorbeia mendia Bizkaia eta Araba arteko mugan dago, eta bi probintzietako mendirik altuena da.

Gainera, hirian bertan Gorbeiako Parke Naturalaren Interpretazio Zentroa ere badago, Parketxea, eta Gorbeiako parke naturala hobeto ulertzeko hainbat erakusketa ikus daitezke, animalien, naturaren, aspaldiko lanbideen eta inguru horretako beste hainbat altxorren berri jakiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.