Oporrak Euskal Herrian

Historiaz, kulturaz eta naturaz betetako enklabea

Urduña ingurune natural pribilegiatu batean dago. Naturaz ez ezik, historiaz eta kulturaz ere goza daiteke hirian bisita edo egonaldi bat eginez gero.

Urduñako Foru Plaza. A. LOIOLA / FOKU
2022ko ekainaren 22a
15:10
Entzun

Berezko historia dute Urduñako kaleek eta harriek; izan ere, multzo historiko-monumental izendatutako Erdi Aroko hiri egitura bat osatzen dute. Bertoko historiak lurraldetasuna, merkataritza eta zerga sistema ditu hizpide, narrazio harrigarria osatuz beti. Erdiguneko Foru Plaza arkupeduna eta zabala da udalerriko elementu nagusietako bat. Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko Erdi Aroko plazarik handiena dena toki estrategikoa izan zen hainbat mendez, Espainiako goi ordokitik itsasorantz zihoazen salgaiak salerosteko —artilea, burdina, aleak, arraina, tapizak, triptikoak eta erretaulak, eta abar— eta horiei zergak ezartzeko gunea baitzen.

Hiri honek ezkutatzen duen kontakizun historikoa ezagutzeko modurik onena bisita egitea da, besteak beste, Zaldibar edo Diaz Pimienta, Mimenza, Olaso eta Velasco jauregietara, Larruazabalgo Batzarretara, Aduanara, Antzinako Andre Mariaren santutegira, tokiko gremioei buruzko Orduña Hiria Museora edota saltoki historikoetara. Urduñako Turismo Bulegoak bisita gidatuak eskainiko ditu larunbatero. Erreserbak egiteko, aukera dago www.ordunaturismo.com /ms plataforma kontsultatzeko, 945-38 43 84 telefono zenbakira deitzeko, edo [email protected] helbide elektronikora idazteko.

Ingurune natural eta paisajistikoa ere bada Urduñaren xarma, aire zabalean jarduera ugari egiteko aukera ematen baitu. Txango ederrak egin daitezke inguruan; besteak beste, Nerbioiko ur jauzia ezagutzeko. Ekainetik aurrera, zehazki, ekintza hauek antolatuko ditu Turismo Bulegoak: hileko bigarren igandeetan, bisitak txakolindegira; hileko hirugarren igandeetan, hegaztiak behatzeko birding irteerak, eta, aipatu bezala, bisita gidatuak. Ekintza zehatzak www.ordunaturismo.com/ ms webgunean kontsultatu daitezke.

Parapente kontzentrazioa egingo da irailean. URDUÑAKO TURISMO BULEGOA

Kulturak pizten duen hiria

Tokiko elkarte, mugimendu eta eragile ugari izateagatik bereizten da Urduña, baita euren gogo eta konpromiso irmoagatik ere. Horren adierazgarri da udan hartuko duen kultur eta kirol eskaintza zabala; besteak beste, ekainean, I Festi AEFAT Orduña jaialdia eta San Joan Azoka; uztailean, aire zabaleko pintura lehiaketa eta erromeria Txarlazora Santiago egunean; eta irailean, Urdufolk jaialdia, antigoaleko eta bilduma gauzen azoka, Koroatze festak eta parapente kontzentrazioa.

COVID-19a gorabehera, goiari eusteko ahaleginak egin dituzte tokiko kirol, kultura eta aisialdi elkarteek. Musikak, esaterako, ez du etenik izan Urduñan, eta Urdufolk da horren adibide. Izan ere, jaialdi horren antolakuntzak osasun egoerara egokitzen jakin zuen. Aurten, 10. aldian, bere ohiko formatura itzuliko da Urdufolk, hiru eguneko programazio indartsu batekin, irailaren 2tik 4ra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.