San Joan sua

Nafarroan izan ezik, San Joan suak argituko du gaur gaua

Usadioari jarraituz, San Joan bezperako ohiturak izango dira hiri, herri eta auzoetan. Nafarroan surik ezin da piztu, baina ohiko beste jarduera batzuk egingo dituzte.

San Joan sua, Donostian, 2016an. JAVIER ETXEZARRETA, EFE
ane insausti barandiaran
2022ko ekainaren 23a
13:56
Entzun

San Joan sua pizteko eguna da gaurkoa. Euskal Herriko plaza, auzo eta etxe atari askotan piztuko dute gaur San Joan bezperako sua. Ez, ordea, Nafarroan: azken egunetako beroaldian izan diren suteen ondoren, sua piztea debekatu du Nafarroako Gobernuak. Hala ere, gaurko beste ohitura batzuk ospatuko dira. Adibidez, Duguna dantza taldeak San Joan bezperako sokadantza egin du, aurten Iruñeko Santa Ana plazan, 19:30ean.

Donostian, 20:00etan hasi dute ekitaldi nagusia, Konstituzio Plazan. Udal agintariek, zuzi bat eskuan, soka osatu dute lizar baten inguruan, eta su eman diote. Ondoren, dantza egin dute. Amaieran, lizarraren azala banatu dute han bildu direnen artean, eta erromeria bat izango da. Ez da, ordea, hori izango gaurko su bakarra Gipuzkoako hiriburuan.

Bilboko konpartsek 22:30ean piztuko dute sua, baina 19:30ean hasi dute festa: lurraren errituala egin eta txosna zabaldu dute. Trikitilariak izan dira, eta gaztetxoentzat jolas kooperatiboak ere bai, txokolate edanaz gain. Helduentzat queimada eskainiko dute. Konpartsek gogorarazi dute auzoetako jai batzorde ugarik ere piztuko duela sua gaur, eta horietan ere hainbat ekitaldi egongo direla. Gasteizen ere auzoz auzo piztuko dute sua.

Udako solstizioarekin lotuta dago sua pizteko ohitura. Izan ere, ekainaren 21ean, urteko egunik luzeena eta gaurik motzena izaten da. Jaia paganoa zen lehen, baina erlijio katolikoak, festa bereganatu, eta ekainaren 23ra atzeratu zuen, San Joan Bataiatzailea jaio omen zen egunera, hain zuzen. Esaten dutenez, jatorri zelta du ohiturak, eta eguzkia omentzeko ospatzen zen. Koldo Alijostes mitologiako adituaren arabera, «historiaurrean konturatu zen gizakia egun horretan ziklo aldaketa zegoela». Euskal mitologian ere, eguzkiak garrantzi handia izan du, urteko uztarekin duen loturagatik: «Naturatik bizi izan da gizakia beti; beraz, eguzkiaren gorabeherak garrantzitsuak izan dira».

«Sua, birsortzearen eta garbitzearen sinbolo»

Sua eguzkiaren irudikapen gisa hartu izan da. Horregatik, herri askotan sua pizten da San Joan bezperako gauean, eta hainbat dantza egiten dira haren inguruan, hura omentzeko eta hari indarra emateko. «Sua birsortzearen eta garbitzearen sinboloa ere izan da», Alijostesen hitzetan. Horregatik, espiritu txarrak kanporatu eta onak ekartzeko, suaren gainetik hiru aldiz salto egin ohi zuen jendeak, «garbitzeko». Beste ohitura bat traste zaharrak erretzean datza, ziklo berri bati hasiera emateko.

Ekainaren 23an bildutako lore sortak bedeinkatu egiten ziren, eta etxeko atean jartzen ziren, elorri zuriaren adarrekin batera, etxea eta etxekoak babesteko. Ohitura askori eutsi ez zaien arren, horiek oroitzea ondo dagoela uste du Alijostesek: «Zientifikoki funtsik izan ez arren, gure historia delako». Zuian (Araba), uste zuten gorputza San Joan goizeko ihintzarekin igurztea onuragarria zela larruazaleko gaixotasunak eta buruko minak saihesteko. Animaliak ere mendira eramaten zituzten, gaua pasatzera, ihintza hartzeko.

Zugarramurdin (Nafarroa), herritarrek antzerki bat ere egin ohi dute, akelarre bat irudikatuz. Dena den, akelarreak elizaren «eraikuntza bat» direla gogorarazi du Alijostesek: «Herriko ospakizunak izango ziren, baina erlijio katolikoak esan zuen emaginak sorginak zirela, eta, deabruarekin lotu zituenez, irudi horrekin geratu da». Hainbat herritan, zuhaitz baten enborra ere jartzen da herriko plazan: maiatza. Alijostesek azaldu du jatorria: «Zuhaitza naturaren irudikapena da; beraz, uzta guztiaren ordezkari gisa jartzen da: uzta ona edukitzeko sinbolo bat da».

Donostiako Intxaurrondo auzoan, intxaurrekin lotutako ohitura bat zeukaten. Herritarrek San Joan bezperako gauean intxaur bat eramaten zuten sura, eta, hura jan ondoren, oskolaren erdia hartu, kezkak hari xuxurlatu, eta sutara botatzen zuten. Hala, kezka horiek desagertuko zirela sinesten zuten. Orain, ohitura hori berreskuratu nahian ari da auzoko Zulo Zahar elkartea, eta San Joan, San Joan, intxaur bi kolkoan ipuina argitaratu dute, haurrei ohitura zaharraren berri emateko.

Ospakizuna beste herrialde batzuetan

Euskal Herrian bezala, Europako herrialde askotan ospatzen da udako solstizioaren gaua. Besteak beste, Portugalen, Finlandian, Estonian, Danimarkan, Herrialde Katalanetan, Galesen, Espainian, Eskozian, Irlandan eta Ingalaterran ospatzen da. Tokian tokiko ohiturak daude. Suedian, udako solstizioarekin batera hasten ditu jende gehienak bost asteko oporrak. Landa eremuan ospatu ohi dute Midsommar deitzen dioten ospakizuna. Jendea herri eta hirietatik landa eremuetara joaten da, eta maypole edo maiatzeko zuhaitza zutik jartzen dute, haren inguruan dantza egiteko.

Paraguain, Judas Kai izeneko panpinak saltzen dituzte dendetan, sutara botatzeko. Panpina horiek urte osoan jendearen gustukoak izan ez diren pertsonaiak irudikatzen dituzte: politikariak, kirolariak, kazetariak... Erlijio katolikoaren arabera, Judasek traizio egin zion Jesusi, eta horregatik dira Judas Kai izeneko panpinak gorrotoarekin lotutako pertsonaiak.

Ivana Kupala izena du solstizioaren Bielorrusiako festak. Suaz gain, etxeak eta zelaiak babesteko eta uzta oparoa izateko erritualak egiten zituzten, eta belarrak eta loreak biltzen zituzten, egun horretan bilduta sendagarriagoak izango zirelakoan. Gaur egun, besteak beste, belar eta lorez betetako koroak janzten dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.