Oporrak Euskal Herrian

Urdaibaiko biosfera erreserban

Urdaibaiko padurak Euskal Herri atlantikoko hezegunerik garrantzitsuenak dira. Unesco erakundeak biosferaren erreserba izendatu zuen inguru hori 1984. urtean.

Hegaztiak behatzen, Urdaibai Bird Centerren. URDAIBAI BIRD CENTER
2022ko ekainaren 23a
14:49
Entzun

Urdaibaiko biosfera erreserba, Euskal Autonomia Erkidegoko biosferaren erreserba bakarra izateaz gain, euskal itsasbazterreko espazio babesturik baliotsuena da. Lurraldea Oka errekaren arro hidrografikoari dagokio, eta 220 kilometro koadroko zabalera dauka. Bertan, ekosistema eta paisaia mota ugari daude, eta, besteak beste, artadi kantauriarrak, landazabal atlantikoa, kostaldeko itsasbazterra eta padurak nabarmentzen dira.

Padurak Euskal Herri Atlantikoko hezegunerik garrantzitsuenak dira, bai duten hedaduragatik, bai bertako habitaten kontserbazio mailagatik. Oso leku garrantzitsua da bai hegaztien atsedengune gisa, bai migrazio aldietan, baita negualdian ere.

Beraz, Urdaibaik garrantzi ekologiko eta ornitologiko handia dauka. Aldi berean, oreka interesgarria dauka gizakiak sortutako jarduera ekonomikoen eta natura oparoaren artean, eta, oreka horri esker, Unesco erakundeak biosferaren erreserba izendatu zuen 1984. urtean.

Biosfera erreserbaren garrantzi ornitologikoaren aintzatespen gisa, bertako hezeguneak HBBG gune izendatu ziren 1994an (hegaztien babes berezirako gunea), eta, ondoren, Natura 2000 sarean sartu zen lurralde hori. Era berean, nazioartean garrantzia duten hezeguneen Ramsar Hitzarmenean sartu zuten 1992an.

Urdaibaiko biosfera erreserbaren aberastasun ornitologikoaren ispilu, inguru horretan hainbat ikerketa egin dira eta egiten dira. Horrela, urte osoan, 250 hegazti espezietik gora ikus daitezke erreserban.

Urdaibai Bird Center

Hegazti espezie horiek behatzeko toki ezin hobea da Urdaibai Bird Center. Urdaibaiko biosfera rrreserbaren bihotzean dago, Gautegiz Arteagan. Museo bizia da, eta hegaztiez eta horien migrazioez gozatzeko hainbat jarduera prestatzen ditu. Bertan, ikerketa eta dibulgazio taldeak bildu eta koordinatzen dira, eta, horrela, bisitariak hegaztiei buruz aurrera eramaten diren proiektuen berri jakiteko aukera izaten du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.