Oporrak Euskal Herrian

Hondartzan, Hondarribian

Itsasoa, hondartza, mendia… Hondarribian paseo politak egin daitezke, eta aisialdiaz eta gastronomiaz modu ezin hobean gozatu.

Hondarribiko hondartza. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2022ko ekainaren 23a
14:54
Entzun

Natura ingurune paregabean dago Hondarribia. Jaizkibel mendiak babesten du, itsasoak bustitzen, eta Bidasoa ibaiaren bokalean dago. Ibilaldi interesgarri ugari egin daitezke kaleetan zehar edo mendian; bestela, aukera dago lasai egon eta hondartzan bainua hartzeko ere.

Urre koloreko hondar fina dago hondartzan. Luzea da, eta urak lasaiak dira. Hondartzak zerbitzu ugari ditu, eta aproposa da familiarekin, lagunekin edo bakarrik ederki pasatzeko: eguzkia hartzeko, uretan igeri egin edo jolasean ibiltzeko...

Itsas pasealeku eta kirol portu ederrak daude herrian, eta Jaizubiko padura, mahatsondoen zelaiak, itsasargia eta beste zenbait eraikin eta monumentu interesgarri ezagutzeko txangoak egin daitezke.

Gainera, kosta atlantiko guztia zeharkatzen duen iparraldeko Donejakue bidean, Hondarribia da abiapuntua.

Hirigune historikoa

Hondarribiko hirigune historikoa bisitatzea ezinbestekoa da. Hango kaleen trazadura laukitua harrigarria da: hain zuzen, Erdi Aroan sortutako herrien bereizgarria da. Halaber, nabarmenak dira kale estuak: galtzada harrizko zola dute, gainera. Hala, hoberena zera da, ibilaldi labur bat egitea Santa Maria atetik hasita, herrira iristeko bi sarrera nagusietako bat baita. Modu horretan, Kale Nagusira, hau da, galtzada harriz osatutako arteria nagusira hel daiteke.

Gaztelako eta Frantziako erreinuen artean zegoenez, herria leku estrategikoa zen, eta mendeetan gerra jarduketa nabarmena izan zuen. Hiribildua badiari begiratzen zion muino txikiaren gainean eraiki zen, toki estrategiko batean, defendatzeko oso posizio sendoan. Hirigunean oraindik iragan horren aztarna ugari daude, eta gune gotortua ongi kontserbaturik dago.

Gastronomia bikaina

Gastronomia Hondarribiko txoko guztietan ageri da. Pintxoak eta anoak dastatzeko, bazkariak eta afariak egiteko, jatetxe eta taberna ugari dago. Gastronomia bikainaz goza daiteke. Egonaldi eder bat egiteko ere, ostatu hartzeko toki aproposak daude.

Hondarribiari buruzko informazio guztia Hondarribiaturismo.com webgunearen bidez eskuratu daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.