Edorta Agirre

«Janari pista galduz gero, nahi duena salduko digu sistemak»

Janaren inguruan «gero eta desinteres handiagoa» ikusten du Edorta Agirrek, Amantala ta mantela liburuaren egileak. Dioenez, «zelofanez ontziratutako produktuek» hartu dute lehengaien tokia. «Horiek zer duten? Sinetsi egin behar, ez baitugu kriteriorik».

Edorta Agirre. GORKA RUBIO, FOKU
Miren Garate.
2022ko ekainaren 24a
12:38
Entzun

Asteartean aurkeztu zuen Amantala ta mantela liburua (Pamiela) Edorta Agirrek (Donostia, 1949). Elikadurari lotutako hainbat eta hainbat termino jaso ditu, eta etimologiaz, historiaz, irudiez, balioez eta abarrez jantzi ditu definizioak. Esan du euskararen normalizazioari bultzada bat ematea dela lan horren helburu nagusia: «Egunero denok egiten dugun horretan, profesional guztiek espainolez publikatzen dute».

Amantala ta mantela izenburua jarri diozu liburuari. Badu azpiizenburu bat ere: Philosophia & oilo zopia. Zer esan nahi izan duzu horrekin?

Denak ditu bi aurpegi, jakinduriak ere bai. Gastronomiak, adibidez, ez du elite jakintsu eta dirutsu batzuen ondarea izan behar, baizik eta herritarrena: herritarrek sortu eta gizendu dutelako, eta haiei esker jarraitzen duelako. Euskara ere aldarrikatu nahi dut. Binomialtasunari lotuta, jatetxe handi horietan gizonezkoak izaten dira ospetsuak, nahiz eta emakumezkoak aritu diren Paleolitotik lan horiek egiten. Haserre hori beti izan dut nik. Philosophia eta ardo zopia erabilita, hortik jo nahi izan dut, jolasetik, errealitatetik…

2014an sarean jarri zenituen Elikadura hiztegia eta Elikadura hiztegi entziklopedikoa dira liburu honen oinarriak. Alabaina, paperean orain atera da.

7.000 orriko traste bat zen hiztegia. Mezenas izan zitezkeen guztien ateak jo, eta zentimorik ez. Pentsa ditzakezun horien guztien ateak jo ditut, baina ezer ez. Beharbada, txarrak izango dira hiztegi entziklopediko eta glosario horiek, baina, beharbada, ez, horrelako besterik ez baita egon euskaraz. Uste dut erdaraz egin izan banitu, bestelako harrera bat izango zutela. Ez dakit, eskrupuluak izango dira, beharbada.

Liburuan elikadura arloko termino ugari jaso dituzu. Haien sinonimoak eta gaztelaniazko eta frantsesezko izenak ageri dira, eta, horrez gain, etimologiaz, historiaz, balioez eta abarrez jantziak daude definizioak. Zein helbururekin egin duzu lana?

Helburua da euskararen normalizazioan aurrera egitea. Informatikan, zuzenbidean, arkitekturan, fisikan eta abarretan, euskara sekulako mailarekin doa aurrera; egunero denok egiten dugun horretan —jatea eta edatea, elikagaiak erostea eta prestatzea—, profesional guztiek espainolez publikatzen dute, eta instituzioek limosna emanez gero euskaratuko dute.

Nola osatu duzu liburua?

Urte askoan idatzi dut BERRIAn, eta Argia-n ere bai. Eta nire gai bakarra janarekin zerikusia duen mundu hori izan da. Uste dut nire zazpigarren liburua dela hau. Liburua egiteko motxila bat behar duzu, eta jaso izan dudana tiraderetan sartuz eta antolatuz joan naiz. Oraingo liburua osatzeko zailtasuna, ordea, ez da izan materiala biltzea, kontrakoa baizik: guraizeak eta borragoma hartu eta kimatzea edo enborrak botatzea. Eta nahiko zaila izan da, hamarren batera murriztu behar izan baitut.

Igartzen duzu elikadurari buruzko interesik?

Negozioaren ikuspegitik, bai. Negozioa zer da? Azaloreari eko edo bio jartzea, eta horrela hiru euroan saltzea. Nutrizionistak ere, jeneralean, ez dira profesional jantziak izaten. Sakelakoan kalorien apunteak izaten dituzte, baina irizpide sendorik ez, eta aberasten ari dira. Norbere irudiarena da beste adibide bat: aurrena janaria kendu edo desbideratzen dute, hau da, ogia jan ordez, espeltazko ez dakit zer, gure aitona-amonek ezagutzen ez zituzten produktuak. Oso sanoak dira? Ez dakit, baina balio dute enpresa batzuek sekulako dirutzak egiteko.

Gainerakoan, galtzen ari al da elikadurari buruz zegoen jakintza?

Gero eta desinteres larriagoa dago, bai. Etxe batzuk sukalderik gabe egiten ari dira aspalditik. Elikaduraren desnaturalizazioa edo desegituraketa ere gertatzen ari da: ordu jakin batean ez bazkaltzea edo afaltzea, denek elkarrekin ez jatea, oilaskoak bezala hemen ale bat eta han beste bat jatea… Lapurdin izan naiz aste honetan, eta 12:00etan ez zegoen inor kalean, denak etxera zihoazen bazkaltzera: hori da geure burua aintzat hartzea. Hasten bagara berdin du pentsatzen, irabazten duena sistema da, ez gu. Erabakiak oinarririk gabe hartzea ez da askatasuna, batzuetan ergeltasuna da. Eta elikadurarekin hori gertatzen ari da.

Zer esan nahi duzu horrekin?

Jendeak ez daki sukaldean ibiltzen, ez daki guisar euskaraz esaten, sukaldatu atzo goizean asmatu zuten sukaldaritzaz ezer ez dakitenek… Panorama kezkagarria da: janari pista galduz gero, nahi duena salduko digu sistemak; esaterako, ekilore olio litroa hiru eurotik gora. Zergatik? Errusiaren eta Ukrainaren arteko liskarragatik? Inongo arrazoirik gabe gero eta garestiago bihurtzen ari da jana. Guk, berriz, gero eta gutxiago dakigu lehengaiak prozesatzen. Gure garaian, gauza gutxi batzuk egoten ziren dendan: bakailaoa, garbantzuak, txokolate tableta, sagarrak eta ez askoz gehiago, eta ondo bizi ginen. Orain ez dago lehengairik, produktuak daude: zelofanez ontziratutako produktuak. Horiek zer duten? Sinetsi egin behar, ez baitugu kriteriorik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.