Futbola

Jon Uriarte da Athleticeko presidente berria

Baieztapen ofizialaren zain, garaipen argia lortu du, eta atzetik geratu dira Iñaki Aretxabaleta eta RIcardo Barkala. Parte hartzea duela lau urte baino %10 handiagoa izan da: %56,36koa, hain zuzen.

ainara arratibel gascon
2022ko ekainaren 24a
23:24
Entzun

Athleticek 125 urte beteko ditu datorren urtean. Tradizioei katigatuta dagoen klub bat da, eta bere filosofia eta balioak ukiezinak dira. Baina, oraingo honetan, bazkideek Jon Uriarte (Bilbo, 1978) egin dute presidente: Athleticeko presidente izateko zeuden hiru hautagaien artean, proposamen berritzaileenak dituena. Bazkideek hari eman diote aginte makila, eta lau urte izango ditu bere proiektua gauzatzeko. «Bazkide askok argi dute aldaketa behar dela. Beste bi zerrendek ez diete bermatzen hori», adierazi zion Berriari hauteskundeen aurretik. Bazkideek arrazoia eman diote. Hark lortu zuen hautagai izateko berme gehien, eta hark lortu du boto gehien hauteskundeetan.
Bazkideek hamabi ordu izan zituzten botoa emateko: 09:00etatik 21:00etara aritu ziren botoa ematen. Estreinakoz, San Mamesen jarri zituzten hauteskunde mahaiak; guztira, 24. Giro onean egin zen bozketa. 40.320 bazkidek zuten bota emateko aukera, eta parte hartzea oso handia izan zen. 22.689k eman zuten boza, eta parte hartzea %56,36koa izan zen,duela lau urte baino %10 gehiago. Uriartek lortu zituen boto gehien,, eta atzetik geratu ziren Iñaki Aretxabaleta (eta Ricardo Barkala.

Uriarte euskaraz dakien hautagai bakarra zen, etaduela 25 urtetikda Athleticeko bazkide.Enpresa mundutik iritsi da Ibaiganera. Ticketbis enpresa sortu zuen,sarrerak berriz saltzeko plataforma bat.Gainera, All Iron Group konpainian ere aritu da. Dena den, ez du bide erraza izan Ibaiganera iristeko: kanpaina bete-betean zela, hautagaitza erretiratzear egon zen. Joko zikina salatu zuen. «Gezurrak pairatu ditugu sare sozialetan, kritikak komunikabideetan, eta ikusi ez diren eta kontatu ezin daitezkeen erasoak». Aurrera segitzea erabaki zuen.

Baina beste kolpe bat hartu zuen, bere kirol proiektua aurkeztu zuen egunean. Carlos Aviña mexikarra zen proiektuaren ardatz nagusietakoa. Hark izan behar zuen futbol zuzendaria. Baina haren izena iragarri eta ordu gutxira, kendu egin behar izan zuten, duela hamar urte idatzi zituen txio homofobo eta sexista batzuk zabaldu baitziren. Kanpaina amaitzeko hiru egun falta ziren, eta ez zuen argitu nor izango den haren ordezkoa. «Ez dugu presaka ibili nahi izan, eta dirutza bat ordaindu izen bat emateagatik. Burugabekeria bat izango zen. Zerrenda bat dugu, eta datozen asteetan erabakiko dugu». Dena den, bere ametsa bete du, Athleticeko 33. presidentea izango baita.
Kirol arloan, Ernesto Valverde izango da gizonezkoen lehen taldeko entrenatzailea. «Egokiena da aurrera eraman nahi dugun eraldaketa proiekturako. Izan ere, hori gauzatzeko, klubak egonkortasuna behar du, eta Ernestok hori emango dio. Azken 25 urteetan Athleticen arrakasta gehien izan duen teknikaria da; kluba ondo ezagutzen du, eta beti jakin izan du dituen jokalarien araberako joko estiloa ezartzen». Apustua taldeak joko zuzen eta bizi-bizia egitea da.Emakumeen lehen taldearen aulkian Iraia Iturregik jarraituko du. Xabi Arrieta izango da kirol zuzendaria. Arrietak 15 urte egin ditu Bizkerren, eta gakotzat jo du Bizkaiko klubekin elkarlana.Gauzatuko duten kirol proiektuaren oinarriak hiru dira: errendimendua, exijentzia eta profesionalizazioa. «Zaleak berriz katigatuko dituen talde bat nahi dugu, helburu handiak lortzeko borrokatuko dena eta hemengo futbolaren hegemonia berreskuratuko duena».

Ardatza jokalaria izango da, eta, big data eta futbol datuen analisiari lotutako teknologia baliatuz, jokalari bakoitzaren errendimendua aztertu, eta dituen beharrei erantzuteko planak jarriko dituzte martxan. «Gure filosofia kontuan hartuta, hemen dugunari atera behar diogu etekina». Bide horretan, errendimendu arduradun bat eta utzitako jokalarien lana aztertuko duen zuzendari bat egongo da. Gainera, Lezamako entrenatzaile multzoan dauden profesionalen baldintzak hobetu nahi dituzte. Lezamako arduraduna, hain zuzen, Sergio Navarro izango da, Betisen, Castellon, Rubin Kazanen, Vila-realen eta Levanten lan egindakoa.

Negoziorako bide berriak

Ekonomiari dagokionez, Uriartek argi du klubak ezin dituela sasoi bakoitzean 15 milioi euro galdu, orain egoera ona izan arren. Hala gertatzen zaio Europarako sailkatzen ez den denboraldi guztietan. Egoera iraultzeko, bi dira aurrera eramango dituzten neurriak: beste negozio bide batzuk abiatzea, eta jokalari eta entrenatzaileei kirol helburuen araberako kontratuak egitea.Negozio bide berri horiek izateko, hau bultzatuko du:San Mames batez beste %85 betetzea, bazkide kopurua handitzea, Athletici lotutako turismoa sustatzea, Athleticen marka nazioartekotzea, ikus-entzuneko edukia sortzea eta Athletic unibertsitatea sortzea.

Helburuen araberako kontratuen inguruan ondorengoa esan zuen hauteskunde kanpainan: «Jokalariek ulertu behar dute ez duela esan gura gutxiago irabaziko dutenik. Anbiziotsua bada, gehiago irabaz dezake, kluba arriskuan jarri barik».Arlo sozialean argi dute. «Klubaren eta zaleen arteko harremanak partidetatik harago joan behar du. Izan ere, ero eta eragin sozial txikiagoa dugu». Fundazioaren bidez bideratu dituzte zaleen eta bazkideen ideiak, ekarpenak eta proposamenak. Gainera, egoitza sozial bat jarriko du, nagusien parte hartzea sustatu, eta Athleticen memoria jasoko duen batzorde bat eratu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.