Altzoko Handia

Berriz ere Altzoazpiko hilerrian dira Altzoko Handiaren hezurren arrastoak

Bi urtez Aranzadiko instalazioetan egon ondoren, berriz ere Altzoazpiko hilerrira itzuli dituzte Migel Joakin Eleizegi Arteagaren hezurren arrastoak.

Migel Joakin Eleizegiren hezurren arrastoak itzultzeko ekitaldia, atzo.
Nagore Arin.
2022ko ekainaren 27a
12:11
Entzun

Duela bi urte aurkitu zituzten Migel Joakin Eleizegi Arteaga Altzoko Handia-ren hezurren arrastoak: Aranzadi zientzia elkarteak aurkitu zituen, Altzoazpiko (Gipuzkoa) hilerriko hezurtegian. Abuztuaren 12an hasi ziren bilatzen, eta bi egunen ondoren aurkitu zituzten, abuztuaren 14an.

Misterio handi bat argitzeko lehen urratsa izan zen; izan ere, ordura arte bi ziren Eleizegiren hezurren kokalekuari buruzko hipotesi nagusiak: lehena, lurperatutako leku berean jarraitzen zutela, eta, bigarrena, lurperatu eta gero lapurtu egin zituztela. Hala, teoria bakarra gailendu, eta misterioa argitu zen: Altzoko Handia etxean egon zen 160 urtez. Azken bi urteak, baina, Aranzadiren instalazioetan eman ditu: bertan gorde dituzte, hezurren arrastoak eskaneatu eta haien ezaugarrien nondik norakoak behar bezala aztertzeko eta gordetzeko.

Ikusi gehiago:[BIDEOA] Migel Joakin Eleizegiren hezurren arrastoak


Juan Carlos Ruiz / FOKU

Orain, berriz ere bere jaioterrira itzuli da Altzoko Handia. Karmen Murua Altzoko zinegotziak azaldu duenez, espero baino gehiago iraun du prozesuak, pandemiak erabat baldintzatu baitu itzulera hori, baina, hala eta guztiz ere, hasierako asmoak bete egin dira: «Lehen momentutik erabaki zen hezur horiek berriro ere horra itzuliko zirela, Altzoazpiko hilerrira. Garbi zegoen hor emango zitzaiela lur».

Atzo lurperatu zituzten berriz ere Altzoazpiko hilerrian, ekitaldi xume batean. Oroigarri bat jarri zioten, eta agurra ere dantzatu zioten. Eleizegiren ondorengoak ez ezik, hainbat herritar eta Aranzadiko ordezkariak ere izan ziren ekitaldian.

Altzoko zinegotziak nabarmendu duenez, hori izan da beti Eleizegiren nahia: «Beti esaten zuen, gertukoek horrela kontatzen dute behintzat, Altzora itzuli nahi zuela. 'Goazen etxera', esaten zuen». Eta horrela izan da: «Altzon dago, nahi zuen lekuan, atseden hartzen. Bere nahia zen, eta bete egin da».


Jon Urbe / FOKU

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.