BILBOKO ASTE NAGUSIA
Itziar Lazkano eta Iratxe Palacios izango dira Bilboko jaietako pregoilaria eta txupinera
Lazkano pregoilaria aktore eta zuzendari ezaguna da; Palacios txupinera, Tintigorri konpartsako kidea. Abuztuaren 20an Arriaga antzokiko balkoian izango dira biak, abuztuaren 28ra arte iraungo duten Bilboko jaiei hasiera emateko.

Bilboko Jai Batzorde Mistoak Itziar Lazkano Setien eta Iratxe Palacios Gana aukeratu ditu 2022ko jaien enbaxadoreak izateko: Lazkano pregoilaria izango da, eta Palacios, txupinera. Halaxe jakinarazi du jai batzordeak, ohar baten bidez.
Itziar Lazkano aktore eta zuzendari ezaguna da —Bilboko Ospetsua ere bada—, eta pregoilari izateko aukeratu dute «bere ibilbideagatik eta arte eszenikoen eta kulturaren zabalkunderako Bilbon egindako ibilbideagatik». Portugaleten (Bizkaia) jaiotakoa da, 1957an, antzerkian ondutako aktorea, Euskal Herritik kanpora ere hainbat ikuskizunetan aritutakoa, eta hainbat sari jasotakoa aktore eta zuzendari lanengatik.
Iratxe Palacios txupinera Tintigorri konpartsako kidea da —zozketa bidez, konpartsa horri egokitu zaio aurtengo txupinera izendatzea—, 36 urte ditu, administrari eta tabernari lanetan aritzen da, eta Txurdinagan bizi da. «Oso langilea izateaz gain, Iratxe saltsero bat da, eta zinean edo telebistan figurante gisa azaltzea du gustuko. Aste Nagusiaren zale porrokatua da, katuak maite ditu, eta ahal duen guztietan mendira igotzea ere bai», azaldu dute Bilboko Konpartsak elkartekoek.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.