Oporrak Euskal Herrian

Harpea leizea, Ezterenzubitik gertu

Mendiz inguraturik dago Ezterenzubi. Ibilaldi ugari egin daitezke han, Harpea leizea edo Hilarrietako harrespilak ikusteko, esaterako.

Harpea leizea. MAKEIP
2022ko ekainaren 28a
09:49
Entzun

Ezterenzubi herria mendi mazelek besarkatzen dute, eta urek inguratzen. Bertan du urbegi nagusia Errobi ibaiak, Errozate mendiaren barrunbeetan. Ingurua oso ederra da, eta bazterrek nahi beste ibilaldi egiteko parada eskaintzen dute.

Larreak daude inguruan. Artzain etxolak eta harriz egindako korraleak ikus daitezke, baina artzainik ez gaur egun.

Harpea leizea ezagutzera joateko egin daiteke txango bat. Toki natural paregabe batean dago, Orbaizeta (Nafarroa Garaia) eta Ezterenzubi herrien arteko mugan. Leku berezia da, liluragarria. Lurraren eta lurpearen arteko ate ikusgarri bat. 40 milioi urteko bilakaera geologikoa laburbiltzen dute leizean dauden egiturek. Bisitaria harrituta gelditzen da.

Hilarrietako harrespilak

Harpea leizea ikustera joateko ez ezik, beste ibilaldi polit batzuk ere egin daitezke, Errozate mendira edo Organbide lepora, besteak beste. Halaber, beste ibilaldi batean Okabe mendira joan daiteke, eta bidean Hilarrietako harrespil multzoa ikusi. Zirkuluan jarritako 26 harrespil dira.

Ezterengibel eta Beherobia ibaiak igarotzen dira Ezterenzubi udalerritik, eta lehenengoa bigarrenari isurtzen zaio udalerriko lurretan. Herrian, ikusteko modukoak dira Andra Mari eliza, kanpandorre eta barrualde ikusgarriak dituena, eta pilotalekua.

www.la-mairie.com/esterencuby webgunearen bidez jakin daitezke Ezterenzubiri buruzko nondik norako guztiak, eta baita telefonoz (559-37 03 63) eta posta elektronikoz (mairie.esterencuby@ orange.fr) ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.