Mendixur Arabako herri txiki bat da, Barrundiako udalerrian dagoena, Lautadako Kuadrillan. Herrira bisitari ugari biltzen dira Mendixurko Parke Ornitologikoa ezagutzera eta hegaztiak ikustera. Leku ezin hobea baita hegaztiak behatzeko, eta bisita gidatuak antolatzen dituzte horretarako.
Mendixur Uribarri Ganboako urtegiaren adarretako batean dago, urak sakonera txikia daukan tokian. Habiak egiteko, negua pasatzeko eta atseden hartzeko leku aproposa da hegazti askorentzat, bereziki uretako hegaztientzat. Berrehun espezie baino gehiago erregistratu dira, eta horien artean aipatzekoak dira lertxunak eta zikoinak bezalako zangaluzeak, ahateak bezalako anatidoak eta harrapakariak. Ubarroiak ere bai, dinosauroen garaiko hegaztiak.
Balio handiko hezegunea
Udazkena heldutakoan, leku beroagoetara joaten dira hegazti batzuk, baina beste asko Mendixurko Parke Ornitologikoan geratzen dira. Azaro amaiera arte migratzen egoten dira hegaztiak, hegoaldera, bero handiagoa egiten duen lekuetara. Batzuk Saharara joaten dira, eta beste batzuk Senegaleraino ere heltzen dira. Hala ere, badago hain urruti joaten ez denik ere, eta Espainiako hegoaldean edo Madril aldean geratzen denik. Hurbilago ere bai, Arabako beste leku batzuetan.
Parkean dagoen egurrezko etxolan, Mendixurren ikus daitezkeen hegazti bakoitzaren irudiak eta izenak dituzten afixak daude.
Mendixurko Parke Ornitologikoa dagoen hezegunea Ramsar zerrendan dago, nazioarteko hezegune garrantzitsuenak biltzen dituena. Natura 2000 Sarearen zati ere bada, eta Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu dute.
Oporrak Euskal Herrian
Hegaztiei begira, Mendixurren
Uribarri Ganboako urtegiaren adarretako batean dago Mendixurko Parke Ornitologikoa, eta berrehun hegazti espezietik gora beha daitezke bertan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu