Oporrak Euskal Herrian

Natura, mitologia eta historia

Natura, mitologia, historia eta kultura ezagutzeko bi ibilaldi egin daitezke Berriozarren: Hazitxo bidezidorra eta Oroimenaren Bidea.

Hazitxo bidezidorrean dauden zurezko bi figura. IÑIGO URIZ / FOKU
2022ko ekainaren 28a
10:09
Entzun

Natura, mitologia, memoria historikoa eta kultura uztartuz, Berriozarren bi ibilbide eder egiteko aukera dago: Hazitxo bidezidorra eta Oroimenaren Bidea. Ibilbideetan barna, historiaren berri jakiteko panelak daude.

Hazitxo bidezidorra haurrekin joateko aproposa da. Ibilbidea bi kilometro luze da, eta Mendialdea eskolaren ondoan abiatzen da. Mitologiari eta naturari erreferentzia egiten dieten zurezko figuraz beteta dago. Mikel Lasartek zizelkatutakoak dira, Ilundain Fundazioko ingurumen heziketako programaren koordinatzaileak, natura errespetatzeko mezua zabaltzeko. Besteak beste, egurrezko oilarra, untxia, arranoa eta hartza ikus daitezke. Halaber, mitologia ezagutarazteko asmoz, besteak beste, lamina, galtzagorria, herensugea eta basajauna ikus daitezke.

Oroimenaren Bideak 1938. urtean izan zen Ezkabako ihesari egiten dio erreferentzia, eta paisaiaren bidez historiara hurbiltzea du helburu. 8,4 kilometro hartzen ditu bideak, eta 11 mugarri zeharkatzen ditu. Ibilbidean, 1938. urtera arte egin daiteke atzera historian.

Bidea eskola zaharrean hasten da, ihesaldiaren hurrengo egunean herriko haurrei festa eman eta lau preso bertara eraman zituztelako. Biharamunean, fusilatu eta ehortzi egin zituzten. Gero, Makinista etxetik pasatzen da bidea. Hortik, militarrek ura igotzen zuten gotorlekura. Ondoren, uraren bidera doa. Emakumeek gotorlekuraino igotzeko hartzen zituzten bideetako bat zen. Horrekin batera, bide horretatik Berriozarko herritarrek ura eta janaria igotzen zizkieten presoei. Uraren bidetik Espartzetara iristen da ibilbidea. Gotorlekutik ihes egindako bost herritar fusilatu zituzten han.

Hortik, Ezkabako gotorlekura igotzen da bidea, eta, gotorlekutik, Botilen Hilerritik igarotzen da. Presoak ehorzten zituzten han. Gorpu gehienen ondoan, pertsona horien izenak agertu dira, paper batean idatzita eta botiletan sartuta. Gero, fusilatuen mendi hegaletik eta fusilatuen monolitotik igarotzen da bidea. Monolitoa preso hilen oroimenez eraiki zuten. Azkenik, Artikako hilerria igaro, eta Berriozarko hilerrian amaitzen da ibilbidea.

Herriko monumentuak

Berriozarren hainbat monumentu eta eraikin historiko daude: Sagrarioko Andre Maria (XII. mendekoa), prozesioko gurutzea (XV. mendekoa), harraska (1745ean eraiki zen), Ezpeletarren jauregia (XVI. mendekoa) eta auzo zaharreko Done Eztebe eliza (XII. mendekoa).

Berriozarren otordua egiteko eta ostatu hartzeko toki bikainak daude. Horrez gain, autokarabanen gune bat dago. Han autoa uztea doakoa da, sanferminetan izan ezik. Ibilgailuak gehienez 72 orduz egon daitezke aparkatuta.

Berriozarri buruzko informazio guztia webgunearen bidez jakin daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.