Oporrak Euskal Herrian

Agaramontarren gaztelua

Bidaxunera joanez gero, Agaramontarren gaztelu ikusgarria bisita daiteke.

Agaramontarren gazteluaren aurrealdea. GUILLAUME FAUVEAU / IPARLA
2022ko ekainaren 28a
10:33
Entzun 00:00:0000:00:00

Bidaxune herria Bidaxuneko kantonamenduko burua da. Nafarroa Behereko Agaramont eskualdean dago kokaturik. Bidaxune kantonamendua eta beste lau herri Agaramontarren dukerriko parte izan ziren. XVI. mendearen bukaeratik Frantziako Iraultzara arte, Bidaxune agaramontarrek zuzendutako printzerri txiki bat izan zen.

Bidaxunen dago Agaramontarren gaztelua. XII. mendean eraikitzen hasi ziren. Agaramontarren nafar leinua Nafarroako Erreinuari lotuta egon zen XII. mendetik XVI.era; eta, politikoki, XV. mendean eragin handia izan zuen. Agaramontarren jatorrizko etxea Burgue-Erreitin zegoen, baina, Aturri ibaiak itsasorantz zuen irteeragatik, agaramontarrak, sortetxea utzi, eta XIV. mendean Bidaxuneko gaztelura joan ziren bizitzera; harrezkero, agaramontarren leinu nagusiaren egoitza bihurtu zen. Eragin handiko familia izan zen, bai inguruko lurraldeetan, bai Nafarroako Erreinuaren bilakaeran. Bibiano, Agaramonteko jauna, Antso VII.a Azkarraren basailu izan zen; bera eta bere leinua beti Nafarroako erregearen zerbitzura egongo zirela zin egin zuen, 1203an.

Ibai portua

Udalerria Aturriren ibaiadarra den Biduze eta haren ibaiadarrek zeharkatua da, hau da, Lihurri (eta bere ibaiadarrak diren Patarena, Gelous, Oihantxuri eta Menine) eta Lagrabek.

Biduze ibaian, historikoki oso garrantzitsua izan den ibai portua du Bidaxunek. Aturri eta Biduze ibaietan ondasunak garraiatzeko erabiltzen zen, idiek tiratutako gabarrak erabiliz. Gaur egun baserri modura erabiltzen den etxaldea du alboan, antzina ibai garraioa kudeatzeko eta biltegi modura erabiltzen zena.

Biduzen barrena garraiatu izan dute mendeetan gisu harria. Besteak beste, Baiona, Angelu eta Miarritze hiriak eraikitzeko baliatu izan da, eta Baionatik mundu osora eramaten zuten itsasontziz.

Bidaxunek zerbitzu ugari eskaintzen dizkio bisitariari, eta otordua egiteko eta ostatu hartzeko hainbat toki.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.