Albistea entzun

Oporrak Euskal Herrian

Lamina Ziloa

Gamere-Zihigako Lamina Ziloan ur termalak daude, propietate sendagarriak dituztenak.

Gamere-Zihigako Lamina Ziloa.
Gamere-Zihigako Lamina Ziloa. GUILLAUME FAUVEAU / IPARLASS

Gamere-Zihigako ur termalak orain hain ezagunak ez badira ere, XX. mendearen hasieran jende ugari biltzen zen Agerre bainuetxera ur horien propietate sendagarriez gozatzera. Horrela, hainbat astez egoten ziren hango hotel-jatetxean.

Lamina Ziloa Eiezkia etxetik hurbil dagoen hiru zuloko multzoa da; handik, ur zinez gazia ateratzen da, 35-40 gradutan. Haren konposizioa izugarri estimatua da.

Haitzuloak

Gamere-Zihiga Zuberoako udalerri bat da, Basabürüko Ibarresküinean dago. 1836. urtean Gamere eta Zihiga herriak batu egin ziren udalerri bakar bat osatzeko.

Uhaitzandi ibaira isurtzen diren hainbat erreka igarotzen dira udalerri horretatik. Hainbat haitzulo aurki daitezke udalerriko lurretan: famatuena Etxeberriko leizea da, monumentu historiko izendatua. Izotz Aro Berantiarraren garaiko labar-arte multzo garrantzitsu bat du. Halaber, Otsibarreko leize-zuloa ere aipatzeko modukoa da.

Otsibarrreko leize zulora heltzeko bidetik, Otsibarremehekako lepora joan daiteke, eta, handik, harrizko gurutze zaharreraino. Gamerearrek estimatzen dute leku hori, Pirinioetako ikuspegi ederrez goza baitaiteke handik.

Eraikin historikoak

Udalerrian, natura inguruneaz gain, ezagutzeko modukoak dira eraikin historiko batzuk ere. Besteak beste, Gamereko Done Petri eliza eta Zihigako eliza. Gamereko Done Petri elizak jatorria Erdi Aroan duen arren, XIX. eta XX. mendeetan zenbait konponketa eta berriztapen egin zizkioten. Zihigako eliza ere Erdi Arokoa da, eta 1828. urtean berriztatu zen.

Gamere-Zihiga udalerriari buruzko informazio gehiago eskuratu daiteke www.la-mairie.com/camou-cihigue webgunearen bidez, eta baita telefonoz deituta (559-28 57 08) eta posta elektronikoz ere (mairie.camoucihigue@ gmail.com).

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Berria

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.