PILOTA

Aldaketak egin dituzte Caixabank Mastersaren hirugarren aldian

Sei bikote mistok hartuko dute parte, orain arte baino bi gutxiagok. Uztailaren 15ean hasiko da, Balmasedan, eta urriaren 2an izango da finala, Nafarroa Arenan. Ligaxka, kanporaketak, finalerdiak eta finala jokatuko dituzte

Caixabank Mastersa jokatuko duten hamabi pilotariak, gaur, Bilbon, aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Julen Etxeberria.
2022ko ekainaren 28a
13:14
Entzun

Koronabirusaren pandemiak eragindako osasun egoeraren arabera moldatu dute enpresek Caixabank Mastersa. Duela bi urte, hari esker salbatu zuten festarik eta pilota jaialdirik gabeko uda. Zortzi bikote misto aritu ziren; bi itzuli, finalerdiak eta finala jokatu zituzten. Iaz, berriz, udako torneoak jokatu zirenez, moldatu egin zuten Mastersa; laburtu egin zuten: bikote kopuruari eutsi zioten, baina itzuli bakarra jokatu zuten, eta ondoren, finalerdiak eta finala.

Aurten, ordea, bi urteko etenaren ondoren festak, pilota jaialdiak eta torneoak egingo direnez, berriz ere moldatu dute. Batetik, zortzi bikote aritu beharrean, sei ariko dira; mistoak izango dira berriro: Laso-Martija, Altuna III.a-Imaz, Urrutikoetxea-Rezusta, Ezkurdia-Mariezkurrena II.a, Jaka-Zabaleta eta Irribarria-Albisu. Azken Mastersarekin alderatuta, Laso eta Irribarria dira aldaketak. Iaz, Laso profesionaletara itzuli berria zen, eta Baikok ez zuen aukeratu. Hala ere, asko jokatu zuen, sei aldiz aritu baitzen ordezko gisa. Irribarria, berriz, min hartuta zegoen. Mastersean ariko diren hamabi pilotariak sanferminetako binakakoa jokatuko duten berberak dira, baina bikote ezberdinak osatuta. Enpresek argi dute zeintzuk diren haien pilotari onenak. Besteak itxaron beharrean dira.

Mastersa uztailaren 15ean hasiko da, Balmasedan (Bizkaia). Finala, berriz, bi hilabete eta erdi geroago jokatuko dute, urriaren 2an, Iruñean, Nafarroa Arenan. Tartean, Gasteizko, Donostiako, Bilboko eta Logroñoko (Espainia) feria handiak jokatuko dituzte, baita beste hainbat herritako torneo eta jaialdiak ere.

Pilotariek bost jardunaldiko ligaxka jokatuko dute lehenbizi, eta lehen bikote sailkatua zuzenean pasatuko da finalerdietara. Aldiz, azken sailkatua kanpoan geratuko da. Beste lau bikoteek, berriz, kanporaketa jokatuko dute: ligaxkako bigarren sailkatua bosgarrenaren aurka ariko da, eta hirugarrena, laugarrenaren kontra. Irabazleak finalerdietarako sailkatuko dira, baita bi bikote galtzaileen artean tanto gehien lortzen dituena ere. Azken horrek ligaxkako lehen sailkatuaren aurka jokatuko du finalerdia; kanporaketako bi bikote irabazleak elkarren aurka ariko dira bestean. Bi partida horiek Nafarroa Arenan jokatuko dituzte, irailaren 30ean. Bi egun geroago izango da finala, toki berean.

Iaz, Aimar Olaizolak eta Jose Javier Zabaletak irabazi zuten Mastersa. Olaizola II.ak erretiroa hartu zuen gero, eta Baikoko kirol zuzendaria da orain. Zabaletak, berriz, Erik Jakarekin jokatuko du aurten. 2019-2020ko binakakoan elkarrekin aritu ziren, eta finalerdietara iritsi ziren. «Ilusioa egiten dit berriz ere Erikekin jokatzeak. Ahal dugun lan onena egiten saiatuko gara. Oso bikote parekatuak daude txapelketan, eta guztiok dugu aukera irabazteko. Gainera, huts egiteko aukera gehiago dago: kanporaketa dago, eta, kanporaketan galdu arren, tantoei esker sailka gaitezke».

Unai Lasori ere «ilusio handia» egin dio Julen Martijarekin jokatzeak. «Lagun handiak gara Julen eta biok, eta gaztetan sei urtez jarraian jokatu genuen elkarrekin. Asko ezagutzen dugu elkar. Duela asko ez gara bikote izan. Gozatzera aterako gara. Txapelketak itxura oso polita du: bikote oso indartsuak daude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.