AUDIO FIKZIOA

EITBk ‘Sara eta Paulen abenturak’ haurrentzako podcasta emango du

Audiofikzioa 6-13 urte artekoei zuzendua dago. Uztailaren 4tik 15era estreinatuko dituzte atalak (egunean bat).

Iñaki Beraetxek egokitu du Bernardo Atxagaren ipuina. GORKA RUBO / FOKU
urtzi urkizu
2022ko ekainaren 29a
13:30
Entzun

EITB Podkast plataformak neska-mutikoei zuzendutako euskarazko audiofikzio bat estreinatuko du uztailaren 4an: Sara eta Paulen abenturak. Bernardo Atxaga idazlearen Logalea zeukan ekilibristaren kasua antzezlanean dago oinarrituta. Iñaki Beraetxe aktore eta Bieuseko bikoiztaileak zuzendu du lana, eta berea da gidoiaren egokitzapena. Ahotsak honako aktore eta bikoiztaile huek jarri dituzte: Lorea Intxausti, Kepa Errasti, Itziar Urretabizkaia, Ainhoa Aierbe, Joxe Felipe Auzmendi, Aintzane Gamiz eta Beraetxe bera.

Fikzioa 6 urtetik 13 urte bitarteko entzule gazteei dago zuzenduta, eta «bizikidetza inklusiboa» bultzatzeko helburuz sortu da. Izan ere, Sara neska itsua da, talentu apartekoa eta lagunkoia. Paul, berriz, eskolan bullying-aren biktima den mutikoa, hitz-totela, hortzeria itsusikoa... baina mutil baikorra, hala ere.

Zirkuaren karpa handia herrian jarri dutela aprobetxatuta joango dira 13 urteko bi protagonistak ikuskizunaz gozatzera. Sara itsua denez, Paulen kontaketari esker ikusiko du zer gertatzen den —podcastaren entzuleek bezala—. Ikuskizun eta ikuskizun artean, neskaren glaukoma, azterketak, gurasoen dibortzioa, ebakuntzak, seme bakarra izatea, harremanak edota bullying-a joango dira azaleratuz, besteak beste. Beraz, EITBren arabera, inklusioa «modu naturalean arnasten da» lan horretan.

Atxagaren ipuina audiofikzio batean egokitu du Beraetxek, 12 ataletan banatuta. Horietan ipuineko jatorrizko pertsonaiak ere ageri dira: Maria Txorakeri señorita, Pierres Chanpignon, Banbolini bera... Sara eta Paul ikustera joango diren zirku ikuskizuneko artista gisa. Hain zuzen ere, podcastaren amaieran argituko da ekilibristaren kasua.

Sara eta Paulen atal guztiak uztailaren 4tik 15era argitaratuko dituzte EITB Podkast atarian, egunero atal bat; eta hortik aurrera noiznahi entzuteko aukera izango da, plataforman bertan. Baita Spotify, Google Podcasts, Apple Podcasts eta Ivooxplataformetan ere.
EITB Podkast plataforman estreinatu aurretik, serie osoa aldez aurretik eskaini die EITBk Eusko Jaurlaritzako IBT-CRI zentroei, ikusteko urritasuna duten ikasleekin eta euren irakasle, familia eta elkarteekin lan egiteko. Gaur goizean egin dute aliantza horren aurkezpena, Gasteizen, eta bertan izan dira Maite Goñi EITBko Audio eta Digitaleko zuzendaria, Ana Roncero Gasteizko IBT-CRI zentroko zuzendaria eta Ana Inda Bilboko IBT-CRI zentroko zuzendaria. EAEko ONCEk ere bat egin du proiektua zabaltzeko deiarekin.

Podcastaren ekoizpena Irune Urdanizena da, soinu teknikaria Xabier Abalde da, eta soinu diseinuaz, berriz, Mikel Mendiaraz arduratu da.

Sara eta Paulen abenturak ez da EITBren udako tankera horretako eskaintza bakarra. Izan ere, uztailaren 18an, bideopodcastak eskainiko dizkie EITBPodkast plataformak familiei eta neska-mutikoei. OQO eta Txalaparta argitaletxeen bost ipuin izango dira, nazioarteko idazleek idatzi eta euskarara ekarritakoak, ilustrazio animatuekin plataforman zein Youtuben ikusteko moduan: Dortokak lo egin nahi du; Ez da munduan min handiagoa ematen duenik; Ohean, mendi artean; Kokoriko; eta Inuiten mila zuriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.