Ogasuna

Zordun handiek 1.170 milioi euro zor dizkiete aldundietako ogasunei

892 enpresa eta norbanako daude foru ogasunetako ogasunen zordun handien zerrendetan, iaz baino 22 gutxiago.

jarraia215333.jpg
Iker Aranburu.
2022ko ekainaren 30a
11:23
Entzun

Berritasun handirik ez da izan zordun handien zerrendetan, eraikuntzak 2008an izandako porrotaren biktimak baitaude oraindik orain zerrenden lehen postuan, Lagilur gipuzkoarra buru dutela: 80,2 milioi zor ditu, iaz bezainbeste.

Lurralde horretan beste bi izen nabarmentzen dira: Jose Ramon eta Juan Miguel Osinalde Etxaniz. Eraikuntzako enpresaburuak dira biak, eta lehenengoak 46,5 milioi zor ditu, eta bigarrenak 46,4 milioi, 2020aren amaieran zor zutena baino hamabost milioi euro gehiago.

Aurreko urteetako zorrari eusten diote LH Commoditiesek (22,9 milioi) eta Ramon Vizcainok (11,5 milioi, Tecfrindus barne), baina gutxika txikitzen ari da Fagor Etxetresnak: 15,9 milioitik 8,1 milioira jaitsi zuen 2020an, eta 5,4 milioira 2021ean.

Bizkaian, Jabyer Fernandez

Bizkaiko zerrendaren goialdean ere ez da aldaketarik, Jabyer Fernandez eraikuntzako enpresaburuaren Iurbenorrek 52,97 milioi zor baitizkio ogasunari, eta horri gehi dakizkioke Afer enpresarenak (lau milioi) eta Fonorterenak (3,5 milioi).

Sektore horretakoak dira beste zordun handi asko: Moldis Echarrok 20,4 milioi zor dizkio Bizkaiko Ogasunari, iaz bezala; Abaroak, 17,6 milioi (+5,9 milioi); Baensak, 11,9 milioi (+0,9 milioi), eta Erostenek, 10,6 (+0,6 milioi).

Itxitako beste enpresa batek, Industrias Domesticasek, beste 18,26 milioi euro zor ditu, eta 5,4 milioi euroren zorrari eusten dio Edesa zenak.

2020an petrolioaren prezioak izandako eroriko handiak biktima bat utzi zuen Bizkaian: porrot egin zuen GM Fuel Tank Kataluniako enpresak, eta zor handia utzi zion ogasunari. Azken datuen arabera, 37,5 milioi euro zor dizkio, 2020aren amaieran baino hamazazpi milioi gehiago. Sektore horretako Ballonti Oilek 10,15 milioi zor ditu, eta 4,2 milioi Jadash Petroleumek (iazkoaren erdia).

Arabako Ogasunaren zerrendan 37 izen agertzen dira, eta horietatik 25 dagozkie jada eroritako enpresei, eta haienak dira zorren hiru laurden ere. Zor handiena, azken urteetan bezala, Ros Casares Valentziako altzairugileari dagokio. Araban hiru lantegi eta 200 langile izatera iritsi zen, baina 2014an porrot egin zuen, eta gaur egun bere arrastoa 35 milioi euroren zorra da, iaz baino ia milioi bat gehiago. 2015ean azaldu zen zerrendan lehen aldiz, 31,5 milioi euroren zorrarekin, eta urtero handitzen da, interesengatik. Baina diru hori berreskuratzeko aukerak txikiak dira, aspaldi likidatu zirelako taldearen ondasun preziatuenak: fabrikak.

Haren atzetik doazenak ere aspaldiko ezagunak dira: Eguren Vitoria aparailu elektronikoen banatzailea (11,9 milioi, 400.000 euro gehiago), Urko-Urbasa eraikuntza enpresa (11,5 milioi, 200.000 gehiago), Itcarcris (8,6 milioi, +500.000) eta Lendiz 1100 (5,2 milioi).

Norbanakoen artean, Macario Gonzalez Sanchez ardo sektoreko enpresaburuaren zorrak handitzen jarraitzen du: 5,47 milioi zor ditu, 2020an baino 150.000 euro gehiago.

Nafarroan, muga beherago dago

Nafarroako Ogasunaren zerrenda lodiagoa da, 120.000 eurotik gorako zorra dutenak agertzen baitira, eta ez milioi bat eurotik gora zorra dutenak, aldundien moduan. 663 izen ageri dira zerrendan, eta 325,2 milioi euroren zorra zuten 2021eko abenduaren 31n, urtebete lehenago baino 5,3 milioi gehiago. 49 norbanako eta enpresa desagertu dira zerrendatik, eta 39 berri daude.

Nafarroako zerrendaren ezaugarri nagusia da lehendakari ohi bat agertzen dela, Gabriel Urralburu (1984-1991). 562.000 euro zor dizkio Ogasunari, eta beste 440.000 euro haren emazte Olivia Baldak.

Kirolari zerrenda bat ere badago zordunen artean: Walter Pandiani, Krisztian Vadocz eta Pizo Gómez futbol jokalari ohiak, eta Denis Mentxov eta Vladimir Karpets txirrindulari izandakoak eta haien emazteak.

Edonola ere, zordun handienak eraikuntzako enpresak dira (220 zordun), eta dendak eta ostatuak (154). Zorraren %60 bi sektore horietakoak dira. Guztien buru, Construcciones Juan Bautista Flores buru dutela. 6,3 milioi euro zor ditu Iruñerriko eraikuntza enpresak. 1970eko eta 1980ko hamarkadetan Iruñean egindako eraikin ospetsu asko egin zituen, hala nola Nafarroako Kutxaren egoitza, Banco de Vasconiarena eta Mapfrerena. Juan Bautista Flores bera 2020an hil zen, 92 urte zituela. Enpresa likidazioan dago 2014az geroztik.

Hurrengo zerrenda, handiagoa

Guztira, 892 enpresa eta norbanako daude lau foru ogasunen zerrendetan, iaz baino 22 gutxiago. Haien zorra, ordea, praktikoki bera da: 2021eko abenduaren 31n 1.170 milioi euro zor zituzten.

Pentsatzekoa da datorren urtean zerrenda handitu egingo dela, aldundiek 600.000 eurora jaitsiko baitute zordun handien zerrendan agertzeko gutxieneko muga.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.