Albistea entzun

Lan gatazkak

Bizkaiko metalgintzako grebak %85eko erantzuna izan du, sindikatuen arabera

FVEM patronalaren arabera, erantzuna %29koa izan da. Ertzaintzak pertsona bat atxilotu du Iurretan, eta hura askatzeko eskatu dute sindikatuek.

Bizkaiko metalgintzako langileek Sestaon egin duten manifestazioko hasiera.
Bizkaiko metalgintzako langileek Sestaon egin duten manifestazioko hasiera. Monika Del Valle / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi -

2022ko ekainak 30 13:54

Bizkaiko metalgintzako langileen bigarren greba eguna «arrakastatsua» izan dela nabarmendu dute sindikatu deitzaileek. ELAren, LABen, CCOOren eta UGTren arabera, sektoreko langileen %85 ez da lanera joan gaur. FVEM patronalaren arabera, berriz, erantzuna %29koa izan da eguerdira arte, eta enpresen %60k normal-normal egin dute lan. Araban ere greba egunera deitua zuten, eta hura ere arrakastatsua izan dela nabarmendu dute sindikatuek, baina ez dute daturik eman.

Bizkaiko grebalariek bi manifestazio jendetsu egin dituzte Sestaon eta Durangon. Aurretik, goizean, piketeak ibili dira Durangaldeko eta Ezkerraldeko industrialdeetan. Ezkerraldean, Ertzaintzak hainbat oldarraldi egin ditu; hala ere, atxilotu bakarra Iurretan izan da, Arriandi industrialdean. Piketea bukatu ondoren izan da, ertzainak hainbat grebalari kafea hartzen ari ziren tabernara joan dira, eta bertan atxilotu dute. Aurretik Boroa eta Eubako industrialdeetatik igaro dira, eta istilu txikiak egon dira. Barrikadaren bat edo beste jarri dute, baina, sindikatuen arabera, «lasai»joan da goiza. Patronalak ere nabarmendu du istilu puntualak izan direla, eta deitoratu egin ditu.

Sestaoko eta Durangoko manifestazioen aurretik, atxilotua askatzeko eskatu dute deitzaileek, eta salatu atxiloketaren atzean jardun sindikala kriminalizatzeko asmoa dagoela. Sindikatuek, halaber, FVEM patronalaren jarrera kritikatu dute, gaur-gaurkoz ez dagoelako hurrengo bilerarako egunik. Grebara deitzeko arrazoia, izan ere, lan hitzarmenaren negoziazioan dagoen blokeoa salatzea da. Azken hitzarmena iazko abenduan bukatu zen, eta soldata taulak izoztuta daude. Hitzarmen horrek 52.000 langileri eragiten die, Euskal Herriko handiena da, eta enpresa handi askori eragiten die, besteak beste, Sidenorreko, CIE Automotiveko edo Murueta ontzioletako langileei.

Jarrerak, baina, oso urrun daude. Sindikatuek berriz ere nabarmendu dute ez dutela onartuko langileen erosteko ahalmena murriztuko duen eskaintzarik, eta KPIaren araberako soldata igoerak marra gorria dirudi. Sindikatuen plataforma bateratuak KPI+%1eko igoera eskatzen du, eta iazkoa KPIa %6,4 izan zen, eta aurtengoa %10etik gora dago. FVEMen azken eskaintza, berriz, kopuru horietatik oso urrun dago: 2022rako %2,75eko igoera proposatzen du; %2,5ekoa 2023rako eta %2koa 2024rako. Horiez gain, beste talka puntu batzuk ere badaude, besteak beste, sindikatuen arabera, baja ordainsarien osagarrietan eta malgutasunean atzerapausoak ematea proposatzen duelako FVEMek.

Patronalak nabarmendu du akordioak lortzeko prest dagoela baina, horretarako, sindikatuek haien eskaerak «malgutu» behar dituztela «enpresek bizi duten egoera zaila» kontuan hartuz. Biharko ere grebara deitua dute Bizkaiko metalgintzan eta Bilbon izango da mobilizazio nagusia. Ikusteko dago greba egun gehiago deituko dituzten udan edo udazkenera arte atzeratuko dituzte. Araban, esaterako, hurrengo greba deialdiak irailerako dira.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Gudongeko petrolio planta, Txinako Dongying probintzian dago. ©WU HONG / EFE

Petrolioa, atzeraldiaren usainean

Imanol Magro Eizmendi

Upelak bi aste daramatza 100 dolarretik behera, eta Ukrainako gerra hasi zeneko prezioan dago
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburua, atzo. ©IREKIA

Jaurlaritzak «masiboki» bultzatu nahi du energia berriztagarria

Julen Otaegi Leonet

Energia berriztagarrietarako trantsizioa bizkortu behar dela uste du Jaurlaritzak, eta hala eskatu dio Espainiako Gobernuari Industriaren energia kontsumoak murrizteko, ezinbestekotzat jotzen du Madrilek bat egitea eskakizun horrekin.

XXI. mendeko apostolua

XXI. mendeko apostolua

Jokin Sagarzazu

Bere ondasun guztiak ekintza filantropikoetarako erabiliko dituela berretsi du Bill Gatesek: izurriteen kontra egiteko, munduko gosea amaitzeko, klima aldaketari aurre egiteko. Haren fundazioaren egitasmoak, baina, auzitan daude aspalditik.

Bill Gates, 2018an Berlinen emandako hitzaldi batean. ©KAMIL ZIHNIOGLU, EFE

XXI. mendeko apostolua

Jokin Sagarzazu

Bere ondasun guztiak ekintza filantropikoetarako erabiliko dituela berretsi du Bill Gatesek: izurriteen kontra egiteko, munduko gosea amaitzeko, klima aldaketari aurre egiteko. Haren fundazioaren egitasmoak, baina, auzitan daude aspalditik.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...