Siderurgia

Tubos Reunidosen salmentak %125 handitu dira maiatzera arte

220 milioi euroren salmentekin, bost hilabetetan iazko fakturazio ia osoa (243 milioi) berdindu du. 2023. urtean emaitza garbi positiboranzko «dinamikan sartzea» espero du.

Tubos Reunidos enpresako behargin bat, tutuak sailkatzen. TUBOS REUNIDOS
Julen Otaegi Leonet.
2022ko ekainaren 30a
15:58
Entzun

Azken urteak ez dira izan aproposenak Amurrioko (Araba) Tubos Reunidos siderurgia enpresarentzat. Joan direneko zazpi urteetan 337 milioi euroren galerak izan ditu, baina hasia da egoerari buelta ematen. Aurtengo lehen bost hilabeteetan %125 handitu dira enpresaren salmentak, iazko aldiarekin konparatuta. 220 milioi euroren salmentak izan ditu guztira; bost hilabetetan iazko fakturazio ia osoa (243 milioi) berdindu du.

Horiek horrela, 2023an emaitza garbi positiboranzko «dinamikan sartzea» espero du Tubos Reunidosek. Joera hori merkatuak, kostuek eta prezio politikek baldintzatuko dute. Hilabeteotako kostuen gorakadaren aurrean, epe laburreko eskari zorroarekin lan egitea erabaki dute enpresan; hots, hiruzpalau hilabete ingurukoa. «Eroso gaude eskari bolumen horrekin. Eskari zorro luzea izatea nahiko dramatikoa izan daiteke kostuen gorabehera honekin», adierazi du enpresako presidenteak.

Aurten ere martxan jarriko du Tubos Reunidosek haren plan estrategikoa, iazko irailean aurkeztu zuena. Hodien ekoizpena Amurrioko lantegian bilduko du azken hiruhilerako, eta, horretarako, 11 milioi euro inbertituko ditu lantegi berrian. Horrek ekarriko du ixtea Trapagarango altzairutegia eta Iruñeko Adecsa. Bi lantegi horietako langile gehienei Amurrion lan egitea eskainiko die.

Iazkoa galerekin amaitu bazuen ere (64,7 milioi euro), aurreko urteko emaitzak hobetu zituen: 98 milioi euro galdu zituen pandemia betean. Galerak arintzeaz gain, 2021. urtea mugarri handi bat izan zen Tubos Reunidosen ibilbidean. SEPIk 113 milioi euroren erreskatea eman zion, urte luzeko galerei aurre egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak