Albistea entzun

Maia Larrondo Ajuriagerra

«Euskararen aldeko lana egiten dugu egunerokoan»

Senpereko Herriko Etxearekin akordioa lortu izana abiapuntu bat izanen dela uste du Maia Larrondo Ajuriagerrak. Azken urteetan Euskal Hedabideekin izandako lorpenak egonkortzea espero du.

Bob Edme Tamaina handiagoan ikusi

Oihana Teyseyre Koskarat - Ipar Euskal Herriko Hitza -

2022ko uztailak 3

Senpereko Herriko Etxearekin akordioa izenpetu zuten joan den astean Ipar Euskal Herriko Euskal Hedabideek. Euskal Irratiak, Kanaldude, Kazeta, Herria eta Ipar Euskal Herriko Hitza elkartzen dituen egiturak herriko etxe batekin egin duen halako lehen hitzarmena da. Maia Larrondo Ajuriagerra da Euskal Hedabideen koordinatzailea (1987, Baiona).

Nondik heldu da hitzarmena?

Euskal Hedabideen elkarlana publizitate instituzionalari begira sortu zen, ohartu baitziren instituzioek ez zutela publizitaterik hartzen haien hedabideetan; elkarrekin lantzea erabaki zuten. Gero, beste ardatz batzuetara bideratu da elkarlana. Ni iritsi nintzelarik, instituzio nagusiengana jo genuen: eskualdera, departamendura eta Euskal Elkargora. 2020ko bozetatik, herriko etxeekin hitzorduak hartzen hasi gara; Senpererekin izenpetu dugu akordioa.

Zer erran nahi du, zehazki?

Senpereko kultur zerbitzuarekin ari gara lanean. Urte bukaera aitzin iraganen diren hiru ekitaldi nagusi hautatu ditugu, publizitatea egiteko. Larreko gelan antolatzen duten programazioari ikusgaitasuna emateko parada da. Elkarrekin diseinatzen ditugu kanpainak, eta gure bost hedabideetan hedatzen ditugu, euskarri ezberdinetan. Partaidetza urrunago doa: besteak beste, Herria eta Hitza astekarien bina harpidetza eskaini dizkiegu, herriko etxerako eta mediatekarako.

Zer helburu du hitzarmenak?

Lehen eredu bat da, engaiatu den lehen herriko etxea baita Senperekoa. Euskarazko hedabideak sostengatzea da helburua, baina erakutsi nahi dugu frantsesezko hedabideak ez direla bakarrak. Euskararen sostengua ere bada: herritarrak euskaraz informatuz euskararen aldeko lana egiten dugu egunerokoan.

Zabaltzea espero duzue?

Hamabost-hogei bat herriko etxerekin bildu gara: denetan harrera ona izan dugu, interesa erakutsi dute. Baina ez dugu epe ertaineko partaidetzarik. Xedea litzateke gehiago engaiatzea: ez da bakarrik euskarari eta hedabideei ematen dieten laguntza bat, beste gisan komunikatzeko aukera bat ere bada. Euskal hedabideek publiko zabala dute, eta abantaila ere bada haientzat.

Nola garatu dituzue harremanak?

Instituzioekin, aski politikoa izan da. Hautetsiekin bilkurak izan genituen, eta erabaki politiko bat hartu dute: euskaraz komunikatzea. Ez zen emana. Horrez gain, konbentzitu behar izan ditugu gure eskaintza teknikoa ona dela, jendea ukitzeko balio duela. Lan luzea izan da; pixkanaka, lortu dugu. Orain plantan dira, baina, badakigu zerbitzuetan aldaketarik txikiena gertatzen bada gelditze bat izan daitekeela, eta beste pertsona batekin berriz hasi beharko dugula; ez da sekula irabazia.

Enpresekin eta elkarteekin ere ari zara.

Elkarteek aski fite ulertzen dute interesa. Gainera, prezio berezia dute. Enpresekin, lan gehiago eskatzen du: batzuk biziki urrunetik heldu dira, eta esplikatu behar zaie; egiten dituzten inbertsioen onurak erakusteko eskatzen dute.

Zer jarrera dute?

Enpresen arabera aldatzen da, baina batzuek ez dute hedabide bakar bat ere ezagutzen. Eta batzuek badute mesfidantza eta mespretxua euskarari dagokionez. Hori aski zaila da. Lan handia dugu egiteko horri buruz: ez gara bakartuak, hor gaude, parte hartzen dugu hemengo bizian… Bai, bada lan.

Zein dira erronkak luze gabe eta luzera begira?

Hego Euskal Herrira iritsi nahiko genuke. Baditugu bezeroak interesatuak direnak, Ipar Euskal Herrian komunikatzen dutenak, baina garatu nahiko genuke. Eusko Jaurlaritza, herrialdeetako foru aldundiak… Jaurlaritzako Turismo Sailak hedabide frantsesetan komunikatzen du; gure hedabideetan ere leku osoa izan lezake. Joan den astean Eusko Legebiltzarrean izan ginen, Gasteizen, Euskara, Kultura eta Kirol Batzordeak gomitaturik, gure jarduna aurkeztera. Ez ginen publizitateaz bakarrik aritu, kazetaritzako formakuntza arloa eta audientzia neurtzeko tresnak ere aipatu genituen. Galdera interesgarriak egin zizkiguten ikusteko elkarrekin nola aitzinatu gaitezkeen.

Audientziak eta formakuntza aipatu dituzu. Horretaz ere arduratzen zara.

Euskarazko kazetaritzan, badugu eskas bat. EEPrekin elkarlanean, formakuntza bat irekiko da Baionako unibertsitatean. Baina uste dut orokorragoa dela: euskarazko lanpostuetarako ez da jenderik atzematen. Hori arazo bat da. Gasteizko bilkuran ere aipatu genuen. Neurketari dagokionez, Hekimen elkarteko kide gara. Behategiak egiten ditu inkestak, eta proiektu bat aurkeztu dute berriki: esperimentazio bat zortzi hedabiderekin, webguneen audientziaren inguruan. Neurketa sistema aldatuko da, eta, horren barnean, sistema bateratu bat sortu nahiko lukete euskarazko hedabideen audientziak neurtzeko.

Euskal Hedabideek mintegia antolatzen duzue urtean behin.

Urte osoan elkarrekin lan egiteaz gain, urtean behin Euskal Hedabide guziak biltzen entseatzen gara. Elkar hobeki ezagutzeaz gain, gogoeta egitera entseatzen gara, euskarazko hedabideen proiektuak zer izan daitezkeen. Aurtengoa, adibidez, formakuntza saio gisara ere baliatu dugu, prentsaren independentziari buruz. Hedabideen digitalizazioa ere aipatu genuen, ikusi baitugu azkartze bat izan dela pandemiaren ondorioz. Azkenik, Ipar Euskal Herriko hedabideen kartografia ere egin genuen: Sud Ouest-ek TVPI telebista katea erosi du: zer erran nahi du horrek? Sud Ouest eta France Bleu irratia elkarrekin joanen dira, azkarrago izanen dira. Zer da gure lekua haien parean? Zer egiten ahal dugu elkarrekin? Helburua da gure egunerokotik ateratzen entseatzea, ikusteko zer pasatzen den gure inguruan, eta epe ertain eta luzerako erronkak aztertzea eta proiektuak plantan ematea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ANDONI CANELLADA / @FOKU

«Ahituta amaitzen dugu, baina zoriontsu»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Klasikoetan klasikoena da Arnoldo izozkitegia Donostian. 1935ean hasi ziren, eta laugarren belaunaldiko kidea da Alustiza: «Hauxe da txikitatik edoski duguna; gure odola da, eta ezin genuen hiltzen utzi».
Union Artesanako kideek kantatu zuten atzo <em>Artillero</em> abestia. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Lehertu da festa Donostian

Miren Mujika Telleria

Bi urteko geldialdiaren ostean, kanoikadaren hotsa entzun, eta eztanda egin du festak Donostian. Piratek ere bota dute euren txupinazoa, eta koloretako txalekoz bete da kaia. Hasi da Aste Nagusia.
Mariana Etxegarairen hilobia, Hazparnen (Lapurdi). ©HAZPARNEKO HERRIKO ETXEA

«Kantuan hastean hein bat lotsatua nintzen, baina ahantzia nuen berehala»

Miel A. Elustondo

Julien Vinsoni zor bide zaio bertsolaritzari buruzko aipurik zaharrenetakoa, 1869ko irailean Saran egindako Lore Jokoetakoa. Hantxe dira ageri Jatsuko Piarres Ibarrart 'Bettiri', Azkaineko Mari Luixa Erdozio eta Joanes Etxeto 'Senpereko errienta' koplariak. Usteak ustel, Erdozio ez da salbuespen. Garaian, beste bi emakumezko ere nabarmendu ziren kantuan, Mariana Etxegarai 'Aña Debrua' eta Marie Hargain, bertsolari txapeldunak.
Uribarri Ganboako Garaioko hondartza. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Barnealdeko hondartzak

Eider Etxeberria Soria

Uribarri Ganboako urtegia urte osoan bisitatzeko leku aproposa da, uda sasoian batez ere. Garaioko eta Landako hondartzak daude han, eta bainua hartzea baimendurik dago

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...