Futbola

Realaren babesle berria, gaztelera hutsean

Datorren denboraldiko kamisetak aurkeztu ditu talde txuri-urdinak, eta, haiekin batera, Cazoo babesle berria. Elastikoetan, ordea, 'Cazoo. Encuentra. Conduce. Disfruta' leloa irakur daiteke, eta hainbat zalek euskararen falta gaitzetsi dute.

Realaren elastiko berriak, bularraldean Cazooren publizitatearekin. REALA
Paulo Ostolaza.
2022ko uztailaren 5a
13:28
Entzun

Futbolzaleek, udan, gogoz itxaron ohi dute euren taldeak hurrengo denboraldiko elastikoa aurkezten duen unea. Polita izango al da? Mereziko al du erosteak? Realzaleei tokatu zaie gaur: Macron enpresa italiarraren diseinu berriak aurkeztu ditu talde txuri-urdinak. Diseinuak gehiago gustatu zaizkie zale batzuei, gutxiago besteei, baina bularraldean jokalariek eramango duten publizitateak inor gutxi utzi du gustura.

Babesle berria du Realak: Cazoo, bigarren eskuko autoak saltzeko plataforma britainiar bat. Haren logoa, ordea, ez dute oso ondo integratu etxeko kamisetan; «adabaki bat» edo «petatxu bat» dirudiela kritikatu dute askok. Ez hori bakarrik: publizitatea gazteleraz dagoela ere gaitzetsi dute hainbat zalek. Cazoo. Encuentra. Conduce. Disfruta dio publizitateak (Cazoo. Aurkitu. Gidatu. Gozatu), eta gaztelera hutsean ageri da etxeko zein kanpoko elastikoan. Hori zuzendu ezean kamiseta ez erosteko asmoa azaldu dute sareetako hainbat erabiltzailek.

Alex Chesterman ekintzaileak 2018. urtean sortu zuen enpresa da Cazoo, eta aurten sartu da lehen aldiz Hego Euskal Herriko eta Espainiako merkatuetan. Azken urteetan, besteak beste, Premier Leagueko Aston Villa eta Everton taldeen babesle nagusia izan da, eta beste dozenaka kirol jarduera ere babestu ditu. Aurten egin du salto nazioartera, eta babestuko dituen futbol taldeen artean daude Marseilla, Valentzia, Lille, Bologna eta Freiburg.

Euskararekin bat

Realak gutxienez 2025. urtera arteko akordioa sinatu du Cazoorekin, eta hiru urtean 8-10 milioi euro artean jasoko ditu tratu horri esker.

Azken urteetan hainbat marka erakutsi ditu Realak bere kamisetan: Finetwork, Iconiq, Goodball, Qbao, Euskaltel... eta gaur hainbat zalek gogoan izan dutena, taldeak Lehen Mailara itzuli zenean jantzi zuena: Gipuzkoa, euskararekin bat zioen hura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.