Frantziako Tourra

Laugarrenean jarri dio ginga

Van Aertek irabazi du Frantziako Tourreko laugarren etapa, eta Jumbo-Vismak erakustaldia eman du

Wout Van Aert (Jumbo-Visma) garaipena ospatzen, gaur, Calaisen, Frantziako Tourreko laugarren etapan. YOAN VALAT / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2022ko uztailaren 5a
18:44
Entzun

Hiru aldiz bigarren postuan sailkatu eta gero, laugarrenen ahaleginean lortu du Wout Van Aertek (Jumbo-Visma) aurtengo Frantziako Tourrean etapa irabaztea. Erakustaldia eman du Flandriako txirrindulariak Jumbo-Vismaren estrategia baliatu eta gero. Esprinterrek eta euren taldekideek ezin izan diete talde herbeheretarraren erasoari erantzun. Aurretik zeukan abantaila areagotu du Van Aertek sailkapen nagusian, eta maillot horiarekin jarraituko du.

Eguna ihesaldiarekin hasi da. Bertan izan da laugarrenez segidan Magnus Cort Nielsen (EF Education), eta harekin batera aurrera egin du Anthony Perezek (Cofidis) ere. Tropelak ihesaldia baimendu du, eta erritmo bizkorra ezarri ez duen arren, kontrolpean izan du lehen taldetxoa une oro. Gaurkoan ere haize aldaketa zegoen iragarrita, behin Audinghen (Frantzia) igaro eta kostalderako bidea hartu ostean. Hala ere, haizeak ez du arazorik eman, eta alde horretatik salbu izan da tropela. Berrogei kilometro falta zirenean Perez bakarrik gelditu da buruan, eta gogotik saiatu den arren, ezin izan du ezustekoa eman. Talde guztiak esprinterrentzat prestatzen ari zirenean, ordea, dena hankaz gora jarri du Jumbo-Visma taldeak.

Hamaika kilometro falta zirenean, azken muinoa baliatu du liderraren taldeak, eta estrategia erasokor batekin aztarrika sortu du tropelean. Taldekide bakoitza bestearen atzetik erreleboak emanez, Van Aert bakar-bakarrik iritsi da bederatziehun metroko distantzia zuen muinoaren tontorrera. Hark jo du aldapan behera, etapa garaipenaren bila. Erlojupekoan izarra, bere gaitasuna baliatu du helmugara bitarte tropelarekiko tartea areagotzeko eta Calaiseko helmugan besoak altxatzeko. Aurreko hiru etapetan bigarren izan eta gero, lortu du denboraldiko seigarren garaipena.

Bihar harbideen txanda izango da, eta txirrindulariek errespetua diote biharko etapari. Lillen (Frantzia) abiatuko da 157 kilometroko etapa, eta Arenbergen (Frantzia) amaituko da. Hogei kilometro egin beharko dituzte harbideetan, hamaika zatitan banatuta. Azkena helmugatik zazpi kilometrotara amaituko da, eta arazo txikiren bat daukan txirrindulariak garesti ordainduko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.