Futbola

Iñaki Williamsek Ghanarekin jokatuko du Munduko Kopa

Ghanak Qatarko Munduko Kopa jokatuko du azaroan, eta ziurrenik han izango da Athleticeko jokalaria. Azaldu duenez, bere familia da erabakia hartzera bultzatu duen arrazoi nagusia.

Iñaki Williams, 2018. urtean, euskal selekzioarekin. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2022ko uztailaren 6a
10:08
Entzun

Argitu du bere etorkizuna Iñaki Williamsek: Ghanako selekzioarekin jokatuko du aurrerantzean. Athleticeko aurrelariak atzo eman zuen erabakiaren berri, sare sozialetan zabaldutako mezu baten bidez: «Niretzat eta nire familiarentzat esanahi handia du Ghanak. Eman digun guztiaren zati bat itzuli nahiko nioke». Ghanak Qatargo Munduko Kopa jokatuko du azaroan, eta ziurrenik han izango da Williams anaietan zaharrena.

Duela hilabete ingurutik zebilen zurrumurrua Williams anaiek Ghanarekin jokatuko zutela. Iñaki eta Nico Afrikako herrialde hartara joan ziren oporretara, eta, hango zenbait hedabideren arabera, Iñaki black star bat izateko tramiteak egiten jardun zen.

Williamsen arabera, bere familia da erabakia hartzera bultzatu duen arrazoi nagusia: «Erronka handi bat hasiko dut gaur. Ghanaren kamiseta defendatuko dut, nire balioak ikur gisa hartuta, eta dudan onena emango dut», azaldu zuen.

Aurrez, Espainiarekin neurketa bat jokatutakoa da Athleticeko aurrelaria, 2016an, Bosniaren aurka. Azken deialdietan, ordea, ez du Luis Enrique Martinez hautatzailearen deirik jaso. Ghanarekin, berriz, irailean egin dezake estreinaldia: Afrikako Kopara sailkatzeko bi neurketa jokatuko dituzte Angolaren aurka. Bi hilabete geroago helduko da Munduko Kopa; Ghanak Portugalekin, Uruguairekin eta Hego Korearekin batera osatuko du H multzoa.

Ez da lehen kasua

Williams ez da izango Espainia ez den herrialde batekin nazioartean jokatuko duen lehen Athleticeko jokalaria. Aurrez, Fernando Amorebietaren kasua izan zen sonatuena; Venezuelarekin jokatu zuen hark, besteak beste, 2015. urteko Amerikako Kopan, Txilen.

Eta ez da bakarra izan: Errumaniarekin jokatu zuen Cristian Ganeak, eta Bosniarekin Kenan Kodrok. Gaur egun, Athletic B-ko Ewan Urainek Eskoziako 21 urtez azpikoen selekzioarekin jokatzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.