Mugikortasuna

Kontxako bidegorria: aldrebeskeria ala zentzuzko neurria?

Harridura eragin du sarean Donostiako Kontxako pasealekuan egin duten bidegorriaren argazki batek. Kurbatuegia iruditu zaio hainbat erabiltzaileri, baina, errepidearen alboan dagoenez, autoen abiadura murrizteko neurri aproposa dela argudiatu dute beste askok.

jarraia215586.jpg
Hodei Iruretagoiena.
2022ko uztailaren 6a
16:49
Entzun

Txisteetarako bidea eman du, behintzat, Donostiako Kontxan egin berri duten bidegorriak: alkoholemia kontrola egiteko balio duela, A-8 autobidea dirudiela... Erabiltzaile batek sarean jarritako argazkiak harridura eragin du, eta era askotara erreakzionatu dute batzuek eta besteek. Azken hilabeteetan lanean aritu dira La Perla eta Ondarretako tunelaren arteko errepidean, eta asteon amaitu dituzte egokitzapenak. Sarean zabaldu den argazkia ikusita, lehen irudipena da tarte laburrean kurba gehiegitxo dituela bideak, eta arkitektoren baten aldrebeskeria ote den galdetu dute hainbatek.

Zenbait erabiltzailek azaldu dute argazkiaren perspektibak irudipen hori areagotzen duela: parez pare begiratuta bidea berez dena baino laburragoa ikusten dela, eta kurbak are gehiago nabarmentzen direla. «Hain konplikatua zen hau zuzen egitea?», galdetu du argazkia egin duen @2LoversDjs erabiltzaileak. Ilusio optiko batekin jolastea egotzi diote beste batzuek.

Irudipenak irudipen, autoen abiadura murrizteko modu bat izan ohi da bide zuzen luzeetan halako kurba batzuk sartzea. «Ebidentea da abiadura murrizteko dela. Eskozian, adibidez, oso ohikoa da», erantzun dio batek, eta azaldu du arrisku handiko puntu beltzetan egin ohi direla halakoak.

Duela hogei urte egin zuten Kontxako bidegorria, eta kurbatuta jartzea ez da berrikuntza bakarra izan. Besteak beste, gorri kolorearen ordez ohiko asfaltoarena jarri diote orain. Udalak azaldu duenez, mugikortasun ohitura berrien ondorioz, ez da beharrezkoa dagoeneko txirrindularientzako bideak kolore deigarriak izatea. Errepidetik bereizteko hesi bat ere jarri diote, gainera.

Erabiltzaile bat baino gehiago pozik agertu da aldaketekin. Horra bidegorri sonatua, beste perspektiba batetik:

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.