Euskara

Hitz berriak, Euskaltzaindiak hiztegira ekarriak

Euskaltzaindiaren Hiztegia eguneratu dute, eta azken sei hilabeteotan bildutako 431 forma berri jaso dituzte. Adarrak jarri, ardi beltz, buruloka, gezurzale eta kafe huts daude berrikuntzen artean.

Euskaltzaindiaren Hiztegia. EUSKALTZAINDIA
Hodei Iruretagoiena.
2022ko uztailaren 8a
13:17
Entzun

Urtean bitan berritu ohi dute Euskaltzaindiaren Hiztegia, eta gaur jakinarazi dituzte azken sei hilabeteotan jasotako aldaketak. Denera, 431 forma berri gehitu dituzte, bai sarrera nagusietan, bai horien azpisarreretan. Bifido, bizarrontzi, deliberatu, espresu, gezurzale, mastektomia, superni eta superego, eta zurmailu daude sarrera berrien artean. Azpisarreren multzokoak dira berrikuntza gehienak: adarrak jarri, ardi beltz, bihotza arraildu, botere faktiko, buruloka, buru(a) gogorra izan, elkartasun(-)kutxa, Familia Santu, kafe huts, lerroartean, merke-zurrean ibili, plater zapal, plazebo(-)efektu...

Dokumentu honetan ikus daitezke berrikuntza guztiak.

Sarrera berriak egiteaz gain, zuzendu edo osatu ere egin dituzte beste asko. Forma berrien artean, hitz teknikoak dira asko; azido izenak, esaterako: artseniko, askorbiko, azetiko, azetilsaliziliko, bentzoiko, boriko, desoxirribonukleiko... Hitz berri arruntagoak ere sartu dituzte, definizioekin batera.

Horra definizio batzuk:

Ardi beltz: Talde batean desberdina delako nabarmentzen den pertsona, taldea lotsarazten duen pertsona.

Buruloka edo buru-loka: buruarina.

Superni: Freuden psikoanalisian, psikearen zatia, egoaren kontzientzia kritiko bezala aritzen den, haurtzaroan gurasoekin eta hezitzaileekin izandako harremanetan garatzen dena.

Pituita: Sudurreko barrunbeetako muki-mintza, usaimena datzana.

Zurmailu: Zurezko mailu handia, edo mazoa.

Esapideak

Azpisarrera berrietan badira esapide berezi batzuk ere. Badira galtzak bete lan eduki bezalakoak, baina baita ezezagunagoak ere:

Ahuntzak adarrak dituen aldera joatea, alderantziz edo kontrako aldera dabilenari esateko.

Arima hortzetan edukitzea edo hilzorian egotea.

Arrantzura larrera joatea edo ezinezko gauzetan saiatzea.

Beste oilar batek kukurruku jo, gauzak bestela egin edo gertatu izan balira, egoera desberdina, hobea izango litzatekeela adierazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.