Berdintasuna

Irungo alarde parekideak «nahitaezko» jo du desfilea udalak antolatzea

Ekainaren 30eko alardearen balorazioa egin du batzarrak: «Inoiz baino jende gehiago batu zaigu».

Irungo alarde parekideko hatxeroak, ekainaren 30eko desfilean, udaletxe plazan. JON URBE / FOKU
2022ko uztailaren 8a
17:05
Entzun

Pozik agertu da Irungo (Gipuzkoa) Alarde Parekidearen Batzarra ekainaren 30eko desfileak utzitakoarekin. Emakumeei soldadu gisa parte hartzeko aukera ematen dien alardea «urtetik urtera hazten eta handitzen» ari dela adierazi du: «Geldiezina da, ezikusiari eta presioei amore eman gabe». Hala, bi urteko hutsunearen ondoren, alardea indartsu itzuli dela adierazi du: «Inoiz baino jende gehiago batu zaigu. Ia bi mila lagunek argi eta garbi esan dute parte hartu nahi dutela denok maite dugun aparteko ekitaldi hunkigarri honetan». Baina beste urrats bat egiteko premia ere berretsi du: Irungo Udalari galdegin dio alarde mistoa antolatzeko ardura bere gain har dezala.

Hedabideei igorritako ohar baten bidez, Irungo alarde parekideak esker ona adierazi die parte hartzaile guztiei, baita babesa agertu dieten erakunde publikoei ere. Gogora ekarri du aurten udaleko talde politiko ia guztiek egin ziotela harrera udaletxeko balkoian: PPkoak ez beste alderdietako ordezkariak izan ziren; ez, ordea, Jose Antonio Santano alkatea (PSE-EE): 2002tik da alkate, eta ez dio sekula harrerarik egin desfile parekideari. Haren jarrera «are barregarriago» geratu dela uste du alardeko juntak: «Gero eta itsusiagoa da herritarren zati inportante bati bizkarra ematea».

Ildo horretan, aurtengo udaberrian egindako eskaera berritu du batzarrak: Irungo Udalak antola dezala alarde parekidea, urteetan egin zuen bezala. «Ez dago ukatzerik ehunka direla alardean barrutik parte hartu nahi duten emakumeak, eta, beraz, egunetik egunera beharrezkoagoa da gure hiriak udal alardea berreskuratzea. Udalak antolatutako alardea mendeetako tradizioa da, eta berriro berak antolatzea nahitaezkoa dela uste dugu, udalak berma dezan alarde inklusibo bat, bizi garen garaietara egokitua, bazterkeriarik gabekoa».

Apirilean eskaera bera egin zion Irungo Alarde Parekidearen Batzarrak udalari, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna «erakundeen betebehar moral eta politikoa» dela argudiatuta; ez zuen erantzunik jaso.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.