Lan osasuna

Amiantoen biktimentzako «babesgabetasun zirrikiturik» ez egotea eskatu dute alderdiek

EAJk, EH Bilduk, PSEK eta Elkarrekin Podemosek amiantoaren funtsaren sorrera txalotu dute, eta epaitegietan «min gehiago» pilatu ez dadila eskatu dute.

Amiantoaren biktimak izan diren emakumeei CAFeko langileek egin zieten omenaldia. JAGOBA MANTEROLA/ FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko uztailaren 12a
11:40
Entzun

«Azkenean, urte luzeko bide baten ondoren, bidegabekeria bat zuzenduko dugu». EAJk, EH Bilduk, PSEk eta Elkarrekin Podemos-IUk bat egin dute amiantoaren biktimen funtsaren sorrera txalotzeko —PP ere lantaldean egon da, baina ez du parte hartu agerraldian—. Asviameri eta biktimen beste elkarteei eskerrak eman dizkiete, haien bultzadarik gabe ezinezkoa zatekeelako bide hori egitea. Era berean, azaldu dute gizartean oraindik «oso bizirik» dagoen arazo bat dela, eta horregatik dela ezinbestekoa: «Ez dugu nahi babesgabetasun zirrikiturik egon dadin biktimentzat, ezta min edo epaitegi gurutze biderik ere».

Espainiako Kongresuko Lan Batzordeak asteazkenean emango du amiantoaren biktimen funtsa onartzeko azken-aurreko pausoa. Ondoren, Senatuaren berrespena geldituko litzateke bakarrik. Gobernuaren eta EH Bilduren arteko akordio baten fruitua da funtsa. 25 milioi euroz hornitua egongo da, eta amiantoaren biktimei —amiantoa erabili zuen enpresa desagertua dagoelako kalte ordainik jaso ezin dutenei— eta haien familiei laguntzeko sortu dute. Zazpi urte dira Legebiltzarra funtsaren sorrera hauspotzen hasi zela, eta bide horretan nozituriko «sufrimendua» eta «bakardade sentimendua» aitortu diete biktimei.

Oztopoak oztopo, baina, alderdiek uste dute hasi direla biktimekin zuten zorra kitatzen. Hala ere, ez dituzte iraganeko aditzak bakarrik erabili, substantzia toxiko horrekin lan egin izanak milaka pertsonari «eragiten dielako» eta «eragingo dielako» etorkizunean ere. Alde horretatik, arazoa kudeatzea «erronka» bat dela azaldu dute, eta alderdi zein biktimen elkarteek «aktiboki» lan egin dutela arazoa konpontzeko. Halaber, goratu dute batasuna funtsezkoa izan dela bide honetan.

Onarturiko helegitea

Agerraldia egin den egun berean, EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio birika minbizia duen Pedro Orbegozori, Hernaniko (Gipuzkoa) Acenor enpresako langile ohi bati. Donostiako Gizarte arloko epaitegiak ukatu egin zuen langilearen minbiziak lantegian zegoen amiantoarekin harremana zuela; Auzitegi Nagusiak, aldiz, langileak jarritako helegitea onartu du. Langile ohiak 1977 eta 1994 artean egin zuen lan Acenorren, eta berak erabiltzen zuen labeko estalkiak amiantoa zuen. Cofivacasari eta Sidenorri eskatuko die kalte ordaina, haiek baitira Orbegozo-Acenorren ondorengoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.