Greba bai, baina borroka ez da gelditu Nafarroako haur eskoletan

Bi hilabetez greban egon ondoren, bertan behera utzi dute protesta Nafarroako haur eskoletako langileek. Hala ere, datorren kurtsoan begia jarrita dute jada: «Garbi daukagu itzuliko garela»

Haur eskoletako langileek maiatzean egindako protesta bat. IÑIGO URIZ/FOKU
jone arruabarrena
2022ko uztailaren 15a
11:33
Entzun

Maiatzaren 2az geroztik izan dira Nafarroako haur eskoletako irakasleak greban. Besteak beste, Europak ezartzen dituen ratioak errespetatzeko—gaur egun ezarritako muga bikoizten da Nafarroako haurreskoletan—, soldata igotzea edo antzinatasuna kontuan hartzea eskatu dute. Ekainaren 30ean protesta egitekoak ziren, baina egun batzuk lehenago iragarri zuten bertan behera utziko zutela: «Indarra bagenuen jarraitzeko, baina gure soldata prekarioei %50 kentzen badiezu, egoera zaila da».

Hala ere, argi daukate borroka ez dela amaitu, molde berriak behar dituzten arren: «Ez ditugu helburuak lortu, eta horrek esan nahi du estrategia aldatu beharko dugula, agian», azaldu du Eider Garde Arbizuko Kattuka haur eskolako langile eta plataformako bozeramaileak Nafarroako Hitza-k egindako elkarrizketa batean. Azaldu duenez, gizartearen babesa sentitu dute langileek: «Jendartea aldatu da, eta haurtzaroko etapak duen garrantziaz ohartu da».

Aspaldiko aldarria

Garderen hitzetan, haur eskoletako langileen baldintzak hobetzeko aldarria ez da berria. «Hamarkada bat baino gehiago daramagu gure zikloa duin dezatela eskatzen». Hala ere, orain arte «bulegoetan» saiatu dira egoera aldatzen, baina aurten erabaki dute kalera ateratzea, langileak «nekatuta eta haserre» zeudelako.

Izan ere, iaz, urte hasieran, Nafarroako Parlamentuko taldeekin, eta Nafarroako Gobernuko eta udalen ordezkariekin negoziazio mahai bat osatzea lortu zuten langileek, baina Gardek salatu du lehenengo bilera egiteko bezperan PSNk «boikot» egin ziela.

Greba hasi ondoren sortu zuen Nafarroako Gobernuak, udalekin batera, koordinazio organo bat, baina langileak «gonbidatu gisa» hartu zituzten bertan, «negoziatzeko aukerarik gabe». Bertan onartu zen irailetik aurrera ezarriko diren zenbait baldintza, baina Gardek garbi utzi du langileek ez dutela proposamen hori onartu: «Soldatak igoko dituzte; plataformak eskatzen du zenbait osagarri ere kobratzea, baina ez dute eginen. Gobernuaren proposamenak parekatzen ditu moduluak administraziopeko B, C eta D mailetara, baina ez dute, adibidez, antzinatasuna kontuan hartzen». Horrez gain, gehitu du Europak ezarritako ratioen bikoitza dutela Nafarroan, eta horri aterabide bat emateko langileek lantaldeak bikoizteko eskatu duten arren, Gobernuak ez duela hori onartu.

Datorren ikasturtera begira jarri dira jada langileak. Udan elkartu eta gogoeta egingo dute estrategia berriak erabakitzeko, baina helmuga argi dute: «Orain garbi dugun gauza bakarra da itzuliko garela; gobernuak ezin izan gaitu erosi, eta horrek zilegitasuna ematen digu borrokarekin aurrera segitzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.