Gastronomia

Etxeberri erretegia izendatu dute munduko jatetxerik onenetan seigarrena

Munduko jatetxerik onena bilakatzeko hautagai nagusietako bat zen. Azkenean, seigarren lekuan sailkatu da. Elkano eta Mugaritz jatetxeak ere sartu dituzte zerrenda entzutetsu horretan.

Etxebarri Erretegia, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Nagore Arin.
2022ko uztailaren 19a
10:32
Entzun

Munduko jatetxerik onenen artean, Bittor Arginzoniz sukaldariaren Etxebarri erretegia (Atxondo, Bizkaia) da seigarrena; munduko seigarren onena, eta Euskal Herriko onena. Hala izendatu du, behintzat, Restaurant Magazine aldizkariaren The World's 50 Best Restaurant sailkapen entzutetsuak. Bart gauean ezagutarazi dute zerrenda, Londresen eginiko ekitaldi batean, eta Etxebarri erretegiaz gain, zerrenda horretan sailkatu dituzte Aitor Arregiren Elkano jatetxea eta Andoni Luis Adurizen Mugaritz jatetxea ere.

Aurreikuspenen arabera, munduko jatetxerik onena bilakatzeko hautagai nagusietako bat zen Bittor Arginzoniz sukaldariaren Etxebarri erretegia, baina, azkenean, seigarren lekuan gelditu da. Hiru postu jaitsi da, beraz: iaz ezagutarazi zen The World's 50 Best Restaurant sailkapenean hirugarren lekuan gelditu zen.

Aurten, Danimarkako Geranium jatetxeak jaso du munduko jatetxerik onenaren aitortza. Danimarkako hiriburuan dago, Kopenhage hirian, eta eskaintza gastronomiko guztiz begetala du. Haren atzetik sailkatu dira, hurrenez hurren, Limako Central (Peru), Bartzelonako Disfrutar (Katalunia), Madrilgo DiverXO (Espainia) eta Mexiko Hiriko Pujol (Mexiko) jatetxeak.

Elkano eta Mugaritz, 16. eta 21. lekuan

Aitor Arregiren Elkano eta Andoni Luis Adurizen Mugaritz jatetxeak ere goratu dituzte zerrenda entzutetsuan. Getariako (Gipuzkoa) Elkano 16. lekuan sailkatu da, joan den aldiko postu berean. Errenteriako (Gipuzkoa) Mugaritz, berriz, 21. lekuan sailkatu da. Iazko zerrendarekin alderatuta, zenbait postu galdu ditu; izan ere, aldi hartan 14. lekuan sailkatu zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.