Oroimen Historikoa

Iraganera iltzatuta

Corellako Udalak herriko sarrerako monumentu frankista eraitsi nahi du, baina Abokatu Kristauek helegitea jarri dute, eta auzia epaileen esku da orain

Corellako monumentu frankista. IñIGO URIZ / FOKU
edurne elizondo
2022ko uztailaren 22a
12:23
Entzun

Francisco Franco diktadorearen emazte Carmen Polo Corellan izan zen 1949. urteko abuztuaren 23an. Herri horretan "Gurutzadan erorien alde" eraikitako monumentuaren inaugurazioan parte hartu zuen egun hartan, Rambletako pasealekuan. Zutik dago oraindik ere frankismoaren garaiko oroigarri hori, eta zutik jarrai dezala nahi dute Abokatu Kristauek: Corellako Udalak pasealekua berritu nahi du, eta monumentua eraitsi. Abokatuek, baina, helegitea jarri dute asmo horren aurka, eta epaileek proiektua behin-behinean geldiarazi dute, haren inguruko xehetasunak ezagutu arte. Corellako Udalak ere helegitea jarri du erabaki horren kontra.

“Proiekturik ez zegoen Abokatu Kristauek epaitegira jo zutenean”, nabarmendu du Corellako Udaleko alkateorde Felix Bienzobasek (ACI). Aipatu du udal gobernuak duela bi aste aurkeztu zuela bere egitasmoa, eta aitortu du Abokatu Kristauak elkarteak egindako urratsak “harritu” egin duela. “Inguru osoan lan egiteko beharra dago. Berez, bi proiektu ditugu: bat da pasealekua berritzeko, eta bertzea, monumentua eraisteko. Herriko sarreran dago; monumentu itsusia da, eta helezina. Eremu osoko giroa berritu nahi dugu”.

Bienzobasek garbi du “aurreko erregimenaren herriko nostalgikoren bat” dagoela epaitegira jo duten abokatuen atzean. “Abokatuek erlijioaren auzia hartu dute argudio gisa, baina helegitea aurkeztu dutenentzat monumentuak esanahi politikoa dauka”.

Erlijioaren auziari buruz, Bienzobasek azaldu du “bide motzeko argudio bat” dela, Corellako erorien aldeko monumentuak “inoiz” ez duelako erlijioarekin lotutako erabilerarik izan: “Monumentuak ez du balio artistiko, historiko edo erlijiosorik”. Corellako alkateordeak gaineratu du txostenak eskatu dizkiotela Vianako Printzea erakundeari, bai eta Artzapezpikutzari ere, epaileak auzia jorratzen duenean aurkeztu ahal izateko.

“Inoiz ez da mezarik egin”

“Imajinatzen duzu gobernu bat monumentu feminista bat eraisten? Edo LGTBI monumentu bat behera botatzen? Bada, Corellako Udalak monumentu kristau bat eraitsi nahi du; meza ospatzen den toki bat bota nahi du, kristauen otoizleku bat!”. Horixe idatzi dute Abokatu Kristauak elkarteko kideek sare sozialen bidez Corellako Udalaren asmoen aurka sinadurak biltzeko argitaratu duten testuan.

“Inoiz ez da mezarik egin hor”, berretsi du Felix Bienzobasek. Corellako herriko memoria historikoa lantzen duen Tanbarria kolektiboko kide Txomin Gonzalezek bat egin du alkateordearekin: “Inauguratu zutenean, ekitaldi erlijioso bat egin zuten, baina bertze inoiz ez”. 1949. urteko abuztuaren 24ko Diario de Navarra egunkariak jaso zuen inaugurazio hartan herriko erretoreak “diskurtso kristau eta patriotiko sutsu bat” egin zuela, hain zuzen ere.

Duela lau urte, 1936ko “Gurutzada” aipatzen zuten monumentuko plakak kendu zituzten, udalaren aginduz. Herriko bertze zenbait ikur frankista ere ezabatu dituzte Corellako karriketatik azken urteotan. “Toki publikoetan ziren ikur guztiak kendu ditugu”, zehaztu du Felix Bienzobas alkateordeak.

Tanbarria elkarteko Txomin Gonzalezek onartu du egin direla urratsak memoria historikoa jorratzeko bidean. 2016. urtean, adibidez, udaleko langile eta ordezkariek erakunde horren aitortza jaso zuten lehendabiziko aldiz, eta, geroztik, haien izenak jasotzen dituen plaka bat dago Corellako herriko etxeko atarian. Tartean da Antonio Morenorena, herriko alkate izandakoarena, alegia. Hilerrian ere bada frankismoan fusilatutakoen aldeko oroigarri bat.

92 fusilatu inguru

Emandako pausoak eskertu ditu Gonzalezek, baina garbi erran du lan handia dagoela egiteko oraindik ere Corellan: “Errepresioak gogor jo zuen gure herria. 92 pertsona inguru fusilatu zituzten. 1936an gertatu zenak urte luzez izan du eragina, eta jendea isilik egon da”.

1936ko altxamendu militarra gertatu eta berehala hasi ziren herritarrak atxilotzen Corellan. Herrian ez ezik, Tuteran ere itxi zituzten. Tuterako espetxean Corellako 87 pertsona sartu zituzten 1936ko uztailaren 19tik urriaren 10era bitarte. Fusilatzeko atera zituzten hainbat preso espetxe horretatik: abuztuaren 3an, sei gizon eraman zituzten Fiterora, eta han hil. Abuztuaren 15ean, berriz, Corellako 27 preso atera zituzten Tuterako kartzelatik, eta Milagroko hilerrian fusilatu zituzten. Haietako bati eskuak moztu zizkioten, ziegatik ez ateratzeko edozer gauzari eusten saiatu zelako.

1970eko hamarkadaren amaieran egin zituzten frankismoak fusilatutako herritarren gorpuak lurpetik ateratzeko lehen lanak Corellan. Madrilgo erorien monumentura eramandako hainbat gorpu herrira eraman zituzten bueltan, eta 1980an harrera eta omenaldia egin zieten herrian.

“Nik 16 urte inguru nituen orduan”, oroitu du Txomin Gonzalezek. 1980ko hamarkada hartan, Altaffaylako kideek hasitako ikerketan parte hartu zuen, eta Corellan errepresioa sufritu zuten herritarrekin eta senideekin hitz egiten hasi zen, bertze kide batzuekin batera. “Jendea negarrez hasten zen, eta anitzek ez zuten deus erran nahi. Herriko ezkerra suntsituta zegoen”.

Madrildik atera eta Corellara bueltan eramandako fusilatuen gorpuei harrera, 1980an.

Gonzalezek nabarmendu du 1936ko altxamendu militarra gertatu zenean, Corellan jornaleroak zirela nagusi, ia industriarik gabeko herri bat zelako. Lur jabe handientzat egiten zuten lan jornalerook. “Lur jabeen aurka altxatzen zirenek herritik ihes egin bertze erremediorik ez zuten”. Frankismoak gogor jo zuen Corella: “Erriberako herrien artean hildako gehien izan zutenetako bat izan da gurea”.

Frankismoaren arrastoa

Frankismoaren arrastoa ez da erabat desagertu. Horixe salatu du Gonzalezek, eta bat egin du Jabier Sainz Pezonagak ere. Sainz Pezonagak Corellaporlamemoriahistorica.blogspot.com izenburuko bloga du, eta gune hori baliatzen du herriko memoria historikoa lantzeko.

Orain herrian dauden ikur frankistak jarri ditu erdigunean Sainz Pezonagak, eta horri buruz “zerbait” egin behar dela aldarrikatu. “Gurutzadan erorien aldeko monumentuarekin batera, Arrese fundazioari buruzkoak ikertu beharko lirateke, eta heldu, halaber, Camilo Castilla upategian dagoen gurutze ereinozdunaren auziari”. Upategi hori Nafarroako PPko kide Ana Beltranen familiarena da.

Arrese fundazioari buruz, Jose Luis Arrese Francoren ministro izan zela gogorarazi du Txomin Gonzalezek. Corellako alkateorde Bienzobasek argitu du haren omenezko karrikaren eta futbol zelaiaren izena aldatu dutela jada. Sainz Pezonagak erantsi du, halere, Arreseren emazte Teresa Saez de Herediaren izena duten kale bat eta parke bat daudela oraindik ere. Felix Bienzobas alkateordeak erran du Arrese etxea eta Beltranen upategia “pribatuak” direla: “Guk eremu publikoan eragin dezakegu, eta egin dugu”.

Gehiago sakondu behar dela uste du Gonzalezek; Sainz Pezonagak ere bai. Corellak memoria merezi duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.