Sutea

Zarrakaztelun suteak indarra hartu du

Nafarroako Gobernuak suteei aurre egiteko larrialdietarako babes zibileko planaren 2. alerta maila izendatu du. Zarrakaztelu eta Figarol arteko NA-128 errepidea moztu da.

Airetik hartutako irudian ikus daiteke sutearen tamaina. NAFARROAKO SUHILTZAILEAK
joxerra senar
2022ko uztailaren 25a
16:42
Entzun

14:00ak pasata Nafarroako Gobernuak lehen abisua eman du. Zarrakaztelu, hainbat fokuko sutea piztu da labore lur batzuen alboan, eta sua pinudi batera hedatu da. Igandearekin alderatuta, Nafarroan gaurkoan hainbeste bero egiten ez badu ere, AEMETek goizetik ohartarazia zuen suteak izateko arriskua «muturrekoa» zela..

Bi ordutan aurrera egin du suteak indar handiz eta Nafarroako Gobernuak suteen larrialdietarako babes zibileko planean 2. alerta maila deklaratu du eta Espaniako Gobernuari sutea itzaltzen laguntzeko bitartekoak eskatu dizkio. Aragoiko Gobernuari ere laguntza eskatu dio.

Hala, azken datuen arabera, aire bidez lau hegazkin eta lau helikoptero dabiltza itzaltzeko lanetan: Nafarroako Gobernuaren bi helikoptero, Espainiako Trantsizio Ekologikoko Ministerio lau hegazkin —bi hegazkin anfibi, Noainen egon ohi den beste bat eta hegazkin koordinatzaile bat— eta helikoptero bat eta Aragoiko Gobernuaren helikoptero bat.

Pinudia NA-128 errepidetik gertu denez, Zarrakaztelu eta Figarol arteko errepidea moztu dute.

Gobernuak araudia aldatu du

Beroagatik alerta egoerak denbora luzez irauten badu, traktoreak eta laborantzako makinaria erabiltzeko debekua malgutuko du Nafarroako Gobernuak. Horretarako foru agindua moldatu du.

Gobernuaren arabera, oreka gorde nahi du arriskuari aurre egiteko prenbentzio neurrien eta jarduera ekonomikoari eusteko beharraren artean. Izan ere, nekazaritza sindikatuak kexu agertu dira azken asteetako debekuarekin. Gobernuak gaineratzen duenez prebentziorako ere ona izan daiteke uzta biltzea, bildu gabe dagoen zereala erregai bat delako sua pizten den kasuetan.

Foru aginduak gogoratzen duenez alerta meteorologikoko epeak gehiegi luzatu dira. Azken foru agindua onartu zenetik, uztailaren 1etik, hamar egunez jarraien egon da aktibatuta alarma egoera eta horrek galarazi egin die laborariei zerealean aritzea, noiz eta uzta biltzeko garai erabakigarria heldu denean.

Malgutasun neurri horien artean, alerta laranja den egunetan, ureztatzeko labore lurretan makinaria astuna erabili ahalko dute —zereala biltzeko, paketetan antolatzeko eta lastoa xehetzeko—, beti ere labore lurren alboan hamar hektareatik gorako basoa ez badago. Kasu horretan makinaria hori 13:00etara arte erabili ahalko da.

Lehorreko labore lurretan, berriz, alerta laranjako lehen bi egunetan debekatuko da makinaria erabiltzea. Hirugarren egunetik aurrera, baimenduko da beti ere 13:00etara arte.

Aldaketa horiek soilik alerta laranja egoerako baldintzei eragiten die. Alerta arinagoa (horia) edo larriagoa (gorria) aktibatzen den kasuetan baldintzak ez dira aldatzen. Hots, alerta gorriaren kasuan, debekuak indarrean jarraituko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.