Zinema

Aronofsky, Dominik, Hogg eta Iñarritu, Urrezko Lehoia eskuratzeko lehian

Jafar Panahiren Khers nist Veneziako Zinemaldiko Sail Ofizialean emango dute; sei urteko espetxe zigorra ezarri berri diote. Lars von Trierrek Riget telesailaren sekuela bat aurkeztuko du, lehiaketatik kanpo.

Iñarritu, 2019an, Sarajevoko Zinemaldian. FEHIM DEMIR / EFE
Andoni Imaz.
2022ko uztailaren 26a
17:52
Entzun

Izen handi ugari bildu dituzte Veneziako 79. Zinemaldiko programazioan. Sail Ofizialean lehian izango dira, besteak beste, Andrew Dominiken eta Alejandro Gonzalez Iñarrituren film berriak. Itzulerako lanak dira, neurri batean: hamar urte dira Dominikek fikziozko aurreko filma egin zuela (Killing Them Softly; Nick Caveri buruzko bi dokumental egin ditu ordutik), eta Iñarrituk orain dela zazpi urte aurkeztu zuen The Revenant. Batak Blonde erakutsiko du orain, Marilyn Monroeren bizitzari buruzko film bat, Joyce Carol Oatesen izen bereko liburuan oinarritua; eta besteak Bardo (o falsa crónica de unas cuantas verdades): Mexikoko sorterrira itzuli den kazetari ezagun baten barne gatazkei buruzko komedia bat. Zinemaldia abuztuaren 31tik irailaren 10era egingo dute.

23 film luze hautatu dituzte Urrezko Lehoiaren lehian aritzeko. Zerrenda luze horretako lan batzuk dira Noah Baumbachen White Noise (irekierako filma), Don DeLilloren nobelaren moldaketa; Darren Aronofskyren The Whale, 250 kilo pisatzen duen gizon bati buruzko istorio bat; Alice Diopen Saint Omer; Luca Guadagninoren Bones & All; Joanna Hoggen The Eternal Daughter; Martin McDonaghen The Banshees of Inisherin; Santiago Mitreren Argentina, 1985, diktadurako gizadiaren kontrako krimenen epaiketari buruzkoa; Jafar Panahiren Khers nist (No Bears) maitasun istorioa; eta Frederick Wisemanen Un couple, 92 urteko zinemagilearen fikziozko lehen lana.

Fikziozko film luze gehiago pantailaratuko dituzte lehiaketatik kanpo: besteak beste, Francesco Carrozziniren The Hanging Sun (itxierako filma), Lav Diazen Kapag wala nang mga alon (When the Waves Are Gone), Walter Hillen Dead for a Dollar, Kim Ki-duken Köne taevast (Call of God) hil osteko pelikula, Paul Schraderren Master Gardener eta Ti Westen Pearl.

Beste formatu batzuetako lanen artean da Lars von Trierren Riget Exodus, 1990eko hamarkadako Riget telesailaren bost ataleko sekuela, baita Nicholas Winding Refnen Copenhagen Cowboy telesaila ere. Lucrecia Martelen Camarera de piso film laburra ere emango dute.

Besteak beste, Steve Jamesen A Compassionate Spy, Sergei Loznitsaren The Kiev Trial eta Oliver Stoneren Nuclear dokumentalak estreinatuko dituzte jaialdian, lehiaketatik kanpo.

Julianne Moore aktorea izango da zinemaldiko epaimahai ofizialeko burua, eta harekin batera ariko dira Mariano Cohn, Leonardo Di Costanzo, Audrey Diwan —iazko Urrezko Lehoiaren irabazlea— eta Rodrigo Sorogoyen zinemagileak, Leila Hatami aktorea, eta Kazuo Ishiguro idazlea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.