Zientzia

Errusia Nazioarteko Espazio Estaziotik erretiratuko da 2024an

Nazioarteko lankidetza utzi, eta bere estazio propioa eraikiko duela adierazi du Errusiako espazio agentziak.

Vladimir Putin Errusiako presidentea, Roscosmos Errusiako espazio agentziako buru Iuri Borisovekin, gaur, Kremlinen. MIKHAIL KLIMENTYEV / KREMLIN POOL / EFE
Edu Lartzanguren.
2022ko uztailaren 26a
20:07
Entzun

1998. urtetik arrakasta handiz aritu da Errusia beste herrialdeekin lankidetzan ISS Nazioarteko Espazio Estazioan, baina elkarlan hori uste baino lehen amaituko dela iragarri du gaur Roscosmos Errusiako espazio agentziak. Iuri Borisov agentziako buru berriak esan duenez, bazkideekiko betebeharrak aintzat hartuko ditu Errusiak 2024ra arte, baina hortik aurrera bere espazio estazio propioa eraikiko du.

Kremlinek lehen ere esan du egitasmotik ateratzeko asmoa duela, baina badirudi NATOko herrialdeek Errusiak Ukraina inbaditu ostean Moskuren kontra indarrean sartu dituzten zigorrek azkartu egin dutela prozesua. Lehen ere esan zuen Errusiak ISS utziko zuela, baina 2025ean jarri zuten horretarako data.

Nazioarteko Espazio Estazioak 2024ra arte funtzionatzeko baimena du orain, baina Ameriketako Estatu Batuak beste sei urtez luzatu nahi du. Errusiarik gabe egin beharko duela ematen du.

«Ordurako Errusiako estazio orbital bat muntatzen hasteko garaia izango da», esan dio Borisovek Vladimir Putin Errusiako presidenteari telebistaz zabalduriko bileran, eta hark onespena eman dio horretarako. Roscosmosen lehentasun nagusia izango da orain estazioa eraikitzea.

Lehendik ere iragarriak zituen planen arabera, Errusiako Espazio Estazio Orbital horren lehenengo modulua 2025erako eraikia izan nahi zuten. Energia sortzeko eta ikerketak egiteko modulu bat bidali behar zuten errusiarrek ISSra, baina litekeena da hori erabiltzea estazio independentearen ernamuin gisa.

Errusiaren erabakiaren berri ofizialik ez duela jaso esan du NASA AEBetako espazio agentziak. AEBek ez ezik, Europak, Kanadak eta Japoniak ere hartzen dute parte Nazioarteko Espazio Estazioan, Errusiarekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.