Musika

Rosalia abeslaria BECen izango da gaur

Motomami World Tour nazioarteko bira egiten ari da abeslaria, eta gaur Bilbon ariko da 21:30ean. Ospea, sexua, jainkoa eta flamenkoa dira bere lanean uztartu dituen gaietako batzuk.

Rosalia Palau San Jordin egindako kontzertuan. ALEJANDRO GARCIA / EFE
Lide Egizala Urteaga.
2022ko uztailaren 27a
12:36
Entzun

Rosalia kataluniako abeslaria (Bartzelona, 1993) Bilbon da dagoeneko, gaur gauean emango duen kontzerturako. 21:30etik aurrera ikusi eta entzun ahalko dira kontzertua osatuko duten 30 kantak. Joan den asteburuan, Bartzelonako Palau Sant Jordin sekulako arrakasta izan zuen abeslariak, eta gaur ere Barakaldoko BEC zalez betetzea espero da.

'Motomami' diskoa

Rosaliak joan den martxoan argitaratu zuen Motomami diskoa, eta, hori aurkezteko, Motomami World Tour nazioarteko bira egiten ari da. AEBetan ekoiztu du diskoa, bere ibilbideko hirugarrena. Musikariak momentuko gogoetak jaso nahi izan ditu bertan. Ospea, sexua, jainkoa eta flamenkoa dira bere lanean uztartu dituen gaietako batzuk. Hamasei kantuk osatzen dute diskoa, eta Sonyren Columbia zigiluak atera du. Artistaren hitzetan, motomami jarrera bat da, energia bat, eta mota guztietako etiketetatik ihes egitea aldarrikatzen du.

Kontzertua

Ehun pertsonak baino gehiagok osatzen dute Rosaliaren taldea, baina agertokian zortzi dantzarirekin batera ariko da abeslaria. Rosaliaren showa kontzertu tradizionaletatik harago doa . Motorrekin lotutako estetika erabiltzen du oholtza gainean eta sare sozialei ere keinu egiten die. Pop kontzertu tradizional bat baino gehiago, Tiktokeko zuzeneko bideo bat ematen dute bere kontzertuek.

Disko berriko abestiez gain, aurreko bi diskoetako abestirik ezagunenak ere abestuko ditu. Denera, 90 minutu iraungo du kontzertuak, eta 30 kantu inguru abestuko ditu.

Sarreren prezioak zeresan handia eman du. 50 eta 360 euro artean balio dute, eta gehiegi dela aldarrikatu du zale askok. Hala ere, gainontzeko kontzertuetan bezala, gaurkoan ere jendez beteko da BEC, nahiz eta oraindik ez diren sarrera guztiak saldu. Pilaketak eragozteko, Bilboko metroaren lineak sendotu eta ordutegiak zabalduko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.