Albistea entzun

Telesailak

‘The Lord of the Rings’ euskarara bikoiztuko dute

Amazon Prime Videok irailaren 2an estreinatuko du telesaila. Estreinaldiaren egunean, euskarazko azpidatziekin ikusi ahalko da telesaila. Amazoneko iturriek esan dute euskarazko bikoizketa egun batzuk geroago iritsiko dela.

'The lord of the rings' telesaila
'The lord of the rings' telesaila Amazon Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2022ko uztailak 28 09:05

Inoiz egin den telesailik garestiena eta Tolkienen unibertsoen berpiztea. Amazon Prime Video plataforma denen ahotan jarriko duena. Tolkienen liburuen eta Peter Jacksonen filmeen zaleak pantailari begira-begira jarriko dituena. Hori eta gehiago izango da The Lord of the Rings: The Ring of the Power telesaila. Irailaren 2an estreinatuko du Amazonek fikzioa mundu osoan, eta aukerazko hizkuntzen artean euskara egongo da —estreinaldiaren egunean bertan, euskarazko azpidatziak erabilgarri egongo dira, baina Amazoneko iturriek esan dute euskarazko bikoizketa egun batzuk geroago txertatuko dutela—.

Bilboko Mixer estudioan egingo dituzte lehen denboraldiko atalen bikoizketak. Estudioko iturriek «talde lana» nabarmendu dute. Alde guztien «ahalegina» eta «gogoa» dagoela azaldu du estudioko ordezkari batek, «dena ondo bideratzeko». Ez dute izenik eman nahi izan, eta, oraingoz, ez dute adierazpenik egingo.

Telesailaren lehen denboraldia ez dute osorik eta batera estreinatuko. Lehenbizi, atal bat edo bi izango dira, eta ondotik, astean behin sareratuko ditu atalak Amazon Prime Videok. Hain justu, plataformak iragarri du harpidetzaren kostua garestitu egingo duela irailean.

Irudiaren deskribapena
The Lord of the Rings telesaila. AMAZON

The Lord of the Rings: The Ring of the Power-en istorioak J.R.R. Tolkienen liburuko eta Jacksonen filmeetako garaia baino milaka urte batzuk lehenago gertatzen dira. Erdiko Lurraldearen bigarren aroan hasten da, hain zuzen ere. Boterearen eraztunak sortu ziren unea jasoko da, Sauron ilunaren sorrera, Numenor erreinuaren historia, eta elfoen eta gizakien arteko aliantza.p>

Bigarren denboraldia ere grabatu dute jada. Lehen zortzi atalak Zeelanda Berrian filmatu bazitzuten ere, bigarren denboraldia Erresuma Batuan grabatu dute.

Patrick McKay telesaileko sortzaile eta ekoizle eragileak San Diegoko (AEB) Comic-Con jaialdian iragarri du Numenorreko erreinua «Firenze errenazentista» gisakoa izango dela, eta eraztunen forjatzea agertuko dela. Alegia, zazpi eraztun ipotxentzat, bederatzi gizaki hilkorrentzat, eta eraztun bat jaun ilunarentzat. Baina Numenorren gatazkak piztuko dira, eta taldeen arteko banaketak eta liskarrak egongo dira. Pertsonaien artean, hobbiten arbasoak azalduko dira: harfootak. Bestalde, Arondir ausarta orkoen antzeko izaki maltzur batzuek dute harrapatua, eta ihes egiten ahaleginduko da. Elrondeko mundu liluragarria ere azalduko da aurreneko denboraldian.

Irudiaren deskribapena
The Lord of the Rings telesaila. AMAZON

Telesailaren sortzaile nagusiak McCkay bera eta J. D. Payne dira. Baina haiekin batera, zinemagintzako eta telesailen munduko profesional ugari batu dira proiektura; tartean dira, J. A. Bayona, Charlotte Brandstrom eta Wayne Che Yip. Aktoreen artean, berriz, Cynthia Addai-Robinson, Robert Aramayo, Owain Arthur, Maxim Baldry, Nazanin Boniadi eta Ismael Cruz Cordova daude.
Musika Ber McCrearyk sortu du —San Diegoko ekitaldian aurkeztu zuten, orkestra batekin—.

Ez da nolanahiko ekoizpena Amazon Prime Videorena: lehen denboraldiak 388 milioi euro inguruko aurrekontua izango du. HBOren Game of Thrones-en denboraldi bakoitza kostatzen zen halako lau izango da The Lord of the Rings-en kostua. BERRIAk jakin duenez, katalanera ere bikoiztuko dute Amazonen telesaila.

Animazioa Netflixen

Fantasiazko ekoizpen garestia izango da Amazonek euskarara bikoiztuta estreinatuko duen lehen telesaila —katalanera bikoiztuta estreinatu dute jada The Terminal list—. Katalogoan bost film daude euskarazko audioarekin.

Netflixek, berriz, abuztuaren 5ean euskarara bikoiztutako animaziozko lehen telesaila estreinatuko du: Super Giant Robot Brothers. Euskarara bikoiztuta katalogoan jarri zuen lehen filma The Sea Beast izan zen. Dortoka ninjen film berria ere euskarara bikoiztuta estreinatuko du Netflixek datorren astean.

Amazon Prime Videon zein Netflixen hainbat filmeren euskarazko azpidatziak jartzen ari dira, bide batez, azkeneko asteetan.

Irudiaren deskribapena
Super Giant Robot Brothers animaziozko telesaila. Netflix

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bertsolariak koplatan, Azpeitiko taberna batean. ©GOTZON ARANBURU / FOKU

Giroa epeltzeko, bertsoak

Amaia Jimenez Larrea

Azpeitian ospatu da Bertso Eguna, bertsolarien eta bertsozaleen arteko topagunea. Berrikuntzak izan ditu aurten: arratsaldeko ekitaldiaren ordez, afaria eta saio nagusia izan dira Elikagunean.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Milioika gauza txar ekoizten dira, eta zenbait onak: hori da orain artisautza»

Amaia Igartua Aristondo

1857koa da Gorostiaga denda, eta bide gorabeheratsua izan du, Pirlaren arabera: 1920an, arrakasta; ondoren, gainbehera; sarri uholdeek erasan diote, eta, azkenaldian, ekoizpen industrialak.
Pamela Anderson Kanadako aktorea, <em>Pamela, a love story</em> dokumentalaren fotograma batean. ©NETFLIX

Andersonek hitza hartu du

Urtzi Urkizu

Netflixek 'Pamela, a love story' dokumentala estreinatuko du asteartean. Lan horretan, Pamela Anderson aktoreak bere bizitzaren errepasoa egiten du. Memorien liburu bat ere idatzi du.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.