Lan merkatua

Desazelerazioak landunen kopurua gutxitzea eragin du Hegoaldean

Industria sektorean eta emakumeen artean galdu dira lanpostu gehienak. Langabezia tasa ez da igo, eta %8,8 da.

Lansare Nafarroako enplegu zerbitzu publikoaren bulego bat. IñIGO URIZ / FOKU
jokin sagarzazu
2022ko uztailaren 28a
11:52
Entzun

Ukrainako gerraren ondorioei eusten ari zaio lan merkatua, baina horren eragina nabaritzen hasi da. Oro har, pandemia aurretik baino pertsona gehiago daude lanean, baina urteko bigarren hiruhilekoan eten egin da iaz abiatutako goranzko joera: Hego Euskal Herrian, 14.600 landun gutxiago daude lehen hiruhilekoan baino. Dena den, langabeen kopurua ere jaitsi egin da: 6.700 pertsona gutxiago daude lanik gabe: 117.800 guztira. Langabezia tasa pandemia aurreko kopuruetan dago (%8,8), eta azken hamarkadako bost onenen artean.

Landunen kopuruak eta langabeenak aldi berean behera egin izanaren arrazoi nagusia da gutxitu egin dela lan bila modu aktiboan ari diren pertsonen kopurua ere: aurreko hiruhilekoan baino 21.300 gutxiago. Hala erakusten du INE Espainiako estatistika institutuak ostegun honetan kaleratutako biztanleria aktiboaren inkestak. Azterketaren ondorio nagusia da lan merkatuak indartsu jarraitzen duela Hego Euskal Herrian, baina inflazio handiak ziurgabetasuna eragin duela bai lan bila ari direnen artean, bai lanpostu berriak sortzerakoan, eta motelaldi bat egon dela, oraindik txikia bada ere.

Lurralde batzuetan beste batzuetan baino gehiago nabaritu da joera hori. Nafarroak eutsi dio ongien, adibidez. Langabeen kopuruak behera egin du berriz ere, eta indartsu gainera (-13.500). Bizkaian ere gutxitu egin da (-2.000), baina apur bat ugaritu dira Gipuzkoan (+800) eta Araban (+100). Hortaz, Nafarroan gutxitu da gehien langabezia tasa: %10,4tik %8,8ra. Gainerako hiru lurraldeetan antzera mantendu da, baina horien artean Arabak du orain langabezia tasarik handiena, %9,4. Jarraian, Bizkaiak (%9,3) eta, ohi bezala, Gipuzkoak du txikiena (%7,5).

Sexuen arabera ere joera bat nabari da. Emakumeei eragin die bereziki urteko bigarren hiruhilekoan gertatu den desazelerazio ekonomikoak. Haien artean handitu da langabezia: 2.800 gehiago daude; aldiz, gizonen artean gutxitu egin da: 9.500 gehiago daude lanean.

Sektorekako datuetan ere ikus daiteke zeinek nabari dituen gehien azken hilabeteetako gertakarien ondorioak: industrian galdu dira lanpostu gehienak, eta oso handia izan da jaitsiera: 14.400 lanpostu gutxiago. Zerbitzuetan ere behera egin du (-1.500), eta lehen sektorean (-100). Kontrara, apur bat hazi da eraikuntzan: 1.500 langile gehiago.

Kontratu motari dagokionez, urte hasieran indarrean jarritako lan erreformaren eraginak nabari dira oraindik. 7.300 mugagabe gehiago egin dira. Aldi baterakoak mugatu ditu erreformak, eta horiek mugagabe bihurtzera behartu. Dena den, den-denekin ez da hori gertatu. Aldi baterako 19.600 kontratu suntsitu dira bigarren hiruhilekoan. Hala, behin-behinekotasun tasa %23,8tik %22,2ra jaitsi da.

«Kezkarako» arrazoiak

Inkestaren emaitzek agertzen dituzten argi-ilunak azpimarratu dituzte sindikatuek. ELAk ohartarazi du langabeziak behera egin duen arren landunen lan baldintzak «okertzen» ari direla, eta LABek nabarmendu du «langileak pobretzen dituen adierazle nagusiek» gora egin dutela. Bereziki kezkagarria iruditzen zaie emakumeen langabezia tasaren hazkundea eta industria sektorean gertatu den enplegu suntsiketa.

CCOOk eta UGTk, berriz, lan merkatuaren «sendotasuna» nabarmendu dute, eta hori, bereziki, lan erreformaren ondorio dela. Dena den,«zuhurtziaz» mintzo dira, egoera ekonomikoaren «ziurgabetasunagatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.