ARRAUNA

Donostiarra nagusitu da Getxon

'Torrekua'-k denboraldiko hirugarren garaipena lortu du, Eusko Label ligako bederatzigarren jardunaldian. Igor Makazagaren taldeak hirugarren luzean hautsi du estropada, Hondarribiarekin lehia handia izan eta gero.

jarraia216603.jpg
Mikel O. Iribar.
2022ko uztailaren 30a
21:28
Entzun

Urrats bat besteari lotuz doa Donostiarra. Igor Makazaga prestatzaileak 2016ko udazkenean jarri zuen lehen hazia Kaiarriba Arraun Elkartean. Orduz geroztik, Gipuzkoako hiriburuko taldea sendotzen joan da, urtez urte, Eusko Label ligako oilarretako bat bilakatzeraino. Bide onetik hasi zuen aurtengo arraun denboraldia, eta bide beretik jarraitzen du Torrekua traineru zuriak. Bada, Arkaitz Diaz patroiak hirugarrenez astindu du bandera, Getxon (Bizkaia), bederatzigarren jardunaldian. Ur gazietan gozatu ederra hartu du.

Arraunzaleek traineruak bertatik bertara ikusteko xedez, Getxoko estropada eremu klasikora mugitu dute, nora-eta Portu Berria deritzon lekura. Itsasoa ez zen haserre, baina ipar-mendebaleko haize zakarrak xaxatu egin zion ur putzuari, haize olatu petralak eragiteraino.

Donostiarrari, aurreko bi txanden irabazleak izan ziren Caboren eta Kaikuren kalea egokitu zaio: hirugarrena. Seinale ona, beraz Makazagaren kuadrillarentzat. Lehendabiziko kaletik Urdaibai, Euskadiko Txapelketako garailea, aritu da; bigarrenetik, Orio; eta hirugarrenetik Hondarribia. Irteera eman aurretik, Ioseba Amunarriz Ama Guadalupekoa ontziko lemazainak traineru berdea ababor aldera zuzenduta zeukan, haizeak hala behartuta. Semaforoa berde jarri eta segituan, lau ontzietako lemazainek estatxa utzi, eta arraun kolpe bizian irten dira.

Marea goian 18:43an zela eta, urak buelta eman zuen lau oilarrak lanean hasterako. Beraz, itsaslasterra alde zuten; haizea, berriz, aurka. Horiek horrela, lau patroiak makur-makur eginda joan dira brankaz. Aurreko astean, Donostiarrak ez zuen banderarik irabazi, eta, Diazek eta haren kuadrillak bazuten amorrua eta gogoa trapua etxeratzeko.

Torrekua-ren branka ageri-agerian zegoen, eta hirugarren minutua betetzerako, segundo bateko aldea ateratzen zion Hondarribiari; bi Oriori; eta hiru Urdaibairi. Bou Bizkaia-n, bestalde, Iker Zabala entrenatzaileak Eneko Bilbao ezarri du traineruaren txopan, Gorka Aranberriren ordez. Bada, bermeotarrek ez dute egunik gozoena izan.

Donostiarra eta Hondarribia ia parean heldu dira lehen ziabogara; Torrekua zertxobait azkarrago. San Nikolas-ek hiru segundo gehiago behar izan ditu, eta Urdaibaik, bost. Une horretan, hain zuzen, Kaikuren atzetik zen. Jose Luis Kortarenak aise nagusitu dira bigarren txandan. Bigarren luzeari ekin eta berehala, Orio Hondarribiaren eta Donostiarraren parean jarri da. Baina natura zer den; San Nikolas ur nahasietan sartu da, eta zanbulu batzuk ere egin ditu, traineruaren kalterako; sei segundo atzetik jarri dira oriotarrak. Bitartean, Donostiarra eta Hondarribia bigarren luzeko azken zatira heltzen ari ziren, baina Makazagarenek joaldi bizi bat egin, eta hiru segundoko abantailarekin iritsi dira ziabogara. Urdaibai bost segundo atzetik zen; Orio zortzi.

Donostiarrako arraunlariak berdeei ontzi bateko aldea ateratzen zietela ikusi ondoren, hauspotu egin dira. Arraunlariek beraiek Diaz patroiari eskatu diote hamarreko indartsu bat agindu zezala. Esan eta egin. Minutuko 37 arraunkadako erritmoan zirela, bost segundotara zabaldu dute Hondarribiarekiko zeukaten abantaila. Diazek, bitartean, arraunlariei esan die erasoa jotzerakoan gorputza gora eramateko. Xehetasun guztiak fin-fin eraman nahi zituen Torrekua-ko lemazainak.

Berdeen joaldiari eustea, gako

Donostiarrak aitzakiarik gabeko azken ziaboga egin du, eta Hondarribia bost segundora heldu da; Urdaibai hamabira, eta Orio hemezortzira. Horiek Kaikuri bi segundo besterik ez zioten ateratzen. Maniobraren ostean, Diazek hirugarren kaleari eustea erabaki du, Amunarrizek istriborrera ez jotzeko. Halere, metroak egin hala, segundoak erortzen ari ziren, berdeen alderako. Gisa horretara, Ama Guadalupekoa-ko patroiak mezu argia igorri dio kuadrillari, eta, hirurehun metro falta zirela, hankean joan diren bi arraunlariri erritmoa sarritzeko eskatu die. Bai sarritu ere; Hondarribia hiru segundora gerturatu zaio Donostiarrari, baina ontzi zurian zihoazen arraunlariek bikain eutsi diete berdeen joaldiari, eta azken txanpan ondo baino hobeto biribildu dute.

Cabo bigarren txandan arituko da bihar (12:13, ETB 1), Lekeition (Bizkaia). Galiziarrek uzta ederra bildu dute gaur; seigarren egin baitute, lehen txandan erraz nagusitu ostean. Txanponaren beste aldean, Santurtzik kolpe handia hartu du, azkena eginda. Horiek horrela, beheko multzoa are gehiago estutu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.